50. urteko ibilbidea jasota geratu da Arteman Komunikazio Taldearekin elkarlanean sortutako liburu honekin eta hori izan da, hain zuzen, helburu nagusia. Zigor Ibarzabal ikastolako zuzendariak aurkeztu duen arren, bederatzi pertsonako lantalde bat ibili da lanean. "Lantalde eder bat dago liburu honen atzean. Horrez gain, bestelako lankide eta herritarrek ekarpen asko egin dituzte eta eta berriro ere auzolana aipatu behar dut. Guk hainbat aldiz ikastolen mugimenduan aipatzen dugu hitz hau eta bereziki aurten Kilometroak jaia antolatzen dihardugun honetan gure ildo komunikatiboa ere hortik bideratu dugu", azaldu du Ibarzabalek.
Liburua hiru ataletan banatzen da: Ikastolaren sorrera, kooperatiba bihurtzeko prozesua eta 1989ko kilometroak jaitik gaur egunera bitarteko urteak.
Idazkiak jasotzen duen guztia modu labur, goxo eta gertuko baten azaleratzen saiatu direla adierazi du Ibarzabalek, argazki askorekin lagunduta eta garai bakoitzeko lehendakari eta zuzendarien elkarrizketekin. Horrez gain, atal berezi bat ere badu liburuak, sorkuntzari loturikoa. "Herrian ditugun artistei leku bat egitea gura izan dugu, eta euren kolaborazioak egin dituzte, olerki, bertso edota irudi bitartez, baita testu bat idatziz ere. Askotariko ekarpenak egin dituzte eta txoko berezi bat egin diegu horiei ere", dio zuzendariak.
Gurasoei omenaldia
Aurkezpen ekitaldia baliatuta, urte guzti hauetan ikastolarengan konfiantza aurkeztu duten guraso guztiei omenaldi xume bat egin zaie, eta ikastolako lehendakariari plaka bat eman dio Zigor Ibarzabalek, guraso guzti horien izenean, eskainitako babes guztiaren aitorpen moduan. "Pisu handia sentitu dut. Hasierako urteetako jendea zegoen publikoan, eta horien aurrean plaka nik jasotzean, ardura eta erantzukizun handia hartu dut", azaldu du Aitor Guridik, Txantxiku Ikastolako lehendakariak.
Konfiantza pedagogikoa
Etorkizunera begira, konfiantza pedagogikoaren metodologia da ikastolak duen erronka nagusienetako bat. Urtebete da Haur Hezkutzan Ixutu proiektua martxan jarri zela eta Ikastolako zuzendariak azpimarratu du pixkanaka proiektu hau 18 urte bitarteko ikasleenganaino zabaltzea dela helburua.