Aitor Izagirre Goiena Komunikazio Taldeko presidenteak eta Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkartekoak sinatu dute lankidetza hitzarmena.
Nekane Artolak nabarmendu du bi erakundeon elkarlanaren garrantzia: "Hitzarmenari esker, Goienako hedabideak gure ekimenen bozgorailu izango dira. Bestetik, ikastolok euskarazko hedabideak behar ditugun bezala, hedabideek ere behar dute ikastolaren eta berau osatzen duen komunitatearen premia eta guk konpromisoa hartzen dugu komunitate horri eskatzeko euskarazko hedabideak kontsumi ditzaten".
Aitor Izagirrek, berriz, zera adierazi du: "Kilometroak Gipuzkoako jairik garrantzitsuenetakoa da eta aurten gure eskualdean tokatzen denez, guretako inportantea da elkarlanean aritzea euskarazko erakundeekin, gure balio eta helburuekin bat egiten duelako. Honenbestez, modu naturalean hartu behar dugu Kilometroak Kultur Elkartearekin sinatu dugun hitzarmena".
Jaialdi eta gehigarri bereziak
Kilometroak 2017k antolatzen dituen jaialdi bereziak -bideoklipa aurkeztekoa kasu-, Kilometroak 2017ko eta Goienako lan taldeek elkarrekin grabatuko dituzte eta bai Goienak eta baita Kilometroak 2017k ere emango dituzte. Bestetik, Goiena Aldizkaria-n bi gehigarri argitaratuko dira, hauek ere bi aldeek elkarrekin ekoiztuta.
Lankidetza hitzarmenari esker, Goienak jarraipen berezia egingo die bere euskarrietan Kilometroak 2017k urtean zehar eta jai egunean antolatuko dituen ekitaldiei. Hala, esaterako, Oñatin irailaren 24an ospatuko den Kilometroak jaiaren erreportaje berezia eskainiko du Goiena telebistak, egunean bertan, hau ere, bi aldeek elkarrekin ekoiztuta.
Publizitatea Goienan
Kilometroak 2017k, bestalde, Goiena Taldeko hedabideetan publizitatea jarriko du, eta Goienak deskontu bereziak egingo dizkie iragarki horiei; bestalde, Kilometroak 2017k ateratako materiala -arropak-eta- Goiena Klubeko bazkideen artean zozkatzeko emango dio Kilometroak 2017k Goienari.
Azkenik, Goienak urtean zehar jasotako argazki eta irudiak Kilometroak 2017ren esku utziko ditu, nahi izanez gero erabiltzeko.