Kilometroak 2017ko bideoklipa egiten dabiltza astean

Mirari Altube Arrese 2017ko api. 21a, 08:00

Bideokliparen une bat.

Apirilaren 28an aurkeztuko dituzte Kilometroak 2017 jaialdiaren kantua eta bideoklipa. Egunotan dabiltza gertatzen bideoklip hori eta auzolanean sortutakoa izango denez herritarren parte-hartzea eskatu dute datorren zapaturako, hilak 22, irudi batzuk grabatzeko. 12:00etan elkartuko dira, Txantxiku Ikastolako patioan.

"Bideoklip berritzailea izango da; parte hartzaile guztiak zein herriko txoko ezagunak lekaixoka arituko dira. Lan-ildo diren jasangarritasuna, berdintasuna eta inklusibitatea ere adierazten ahalegindu dira bideogileak", jakinarazi dute Kilometroak jaiaren arduradunek. Kepa Aranburu eta Bernat Alberdi izan dira zuzendariak.

Aurkezpen ekitaldian joko dute kantua

Bideoklip hori zein kantua aurkezteko ekitaldia apirilaren 28an egingo dute Zubikoa kiroldegian, 21:30ean. Sarrerak oraindik ere salgai dituzte Txokolateixan eta Ikastolako idazkaritzan, 8 euroren truke.

Ordubete pasatxo iraungo duen ekitaldian Oñatiko musikagintzaren historia azalduko dute. "89ko Kilometroak hasiera puntutzat hartuta, herriko musikagintzak eboluzio handia izan du. Bideo eta esketxen bitartez puntu,ekimen,aldaketa garrantzitsuenak adieraztea izango da helburua, eta garai bakoitzeko talde garrantzitsuenetako batzuk zuzenean joko dute, estilo eta formatu anitzetan", adierazi dute. Herriko musikagintzan zeresana izan duten eta dagoeneko ez dauden hainbat pertsona ere omenduko dituzte ekitaldian.

Emanaldiaren amaieran aurkeztuko dituzte auzolanean sortutako kantua eta bideoklipa. Kantua egin dutenek zuzenean joko dute: Aitor Uriarte (Latzen); Ruper Ordorika; Sharon Stoner; Malenkonia; Hor Konpon; Txantxiku Ikastolako ikasleak; eta Juan Carlos Irizar eta Txantxiku Ikastolako kantu tailerra.

"Auzolana denez jai honen oinarria eta aurtengo aldarri nagusia, herriko musikariek osatu dute kantua. Herriko talde ezberdinetako musikariek bakoitzak bere aletxoa jarriz sortu da. Elkarlanean Musika Eltzian jarri zaie aurtengo jaiari doinuak. Letrak osatzearekin, berriz, Oñatiko Txinparta Bertso Eskola arduratu da, hau ere auzolanean. Ahotsak ere herritarrenak dira gehienak, nahiz eta badiren aurpegi ezagun batzuk", jakinarazi dute eta gaineratu "kantu bizia, dantzagarria eta erraz entzutekoa" dela.

 

Erlazionatuak

Kilometroak 2017 abestia grabatzeko lanak

Mirari Altube Arrese 2017 api 21 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak