Biodibertsitatea da aurtengo Ingurumen Jardunaldietan landuko duten gaia. Ikastetxeetan ere hori ari dira jorratzen aurten, Agenda 21 programaren barruan, eta horregatik aukeratu du natur eskolak gai hori. "Biodibertsitatea baina, ez da naturan espezie asko egotea bakarrik. Espezieen arteko harremanak edo oreka ere bada. Adibidez, okilak enborretan egiten dituen habiak, zuloak, beste animalia batzuek ere aprobetxatzen, erabiltzen dituzte, muxarrak esaterako. Hori da biodibertsitatea zer den ikusteko adibide garbi bat eta horregatik, gaia beraz gain okila izango da aurtengo jardunaldietako beste ardatza", azaldu du natur eskolako Idoia Bollarrek.
Zazpitik bost
Euskal Herrian zazpi okil mota bizi dira egun eta horietako bost atzeman eta ikusi dituzte Oñatin. "Mendira edo herri inguruetako berdeguneetara joanez gero ikus daitezke okilak. Ez dut esan gura joaten garen aldiro ikusiko ditugunik, baina ikustea ez dela arraroa bai. Olapotoko hariztian, esaterako, ikusten dira. Eta baita entzun ere, mokoarekin egurra zulatzen", dio Bollarrek.
Antolatu dituzten ekintzen artean irteera bat ere egingo dute okilak ikustera. Martxoaren azken asteburuan izango da eta joan gura duenak izena eman behar du aurretik natur eskolara deituta: 943 71 64 04.
Datorren eguenetik martxoaren 5a arte kultura etxean zabalik egongo den erakusketan ere ikusiko dira okilak. Euren gaineko informazioa jasoko duten panelak egongo dira batetik, eta baita okilen irudiak ere. Aurten ere bisita gidatu bereziak egingo dituzte ikastetxeetako ikasleekin. Baita nagusiekin ere. "Joan den urtean eurek eskatu ziguten egitea. Bi egin genituen eta arrakasta izan zuten. Pozik gelditu ginen guztiok. Horregatik, aurten ere egingo ditugu", aurreratu du Idoia Bollarrek.
Zuhaitz azoka eta landaketa ere egingo dituzte aurten. Hitzaldietan, berriz, Oñatira behin baino gehiagotan etorri diren hizlariak eta jardunaldiak lehenengo aldiz ikusiko dituztenak. Hitzaldi guztiak kultura etxean izango dira.
Egitarau osoa, hemen