Arrazoi berak eraman zituen biak futbol epaile izatera. "Guztiok ez dugu futbolari onak izateko zortea, eta, azken finean, epaile lana ere futbolaren parte da", dio Gomesek. Martin futbolari hasi zen, Aloña Mendi taldean. "Baina ez nuen askorik jokatzen eta epaile izatea erabaki nuen", berretsi du.
Martinek 16 urte ditu, eta, esan bezala, urtebete darama epaile. Oraindik ikasten ari da. "Proba moduan ari naiz eta orain kategoria txikiak komeni zaizkit, partidu errazagoak direlako". Azterketa teorikoa gainditu du eta orain futbol zelaietan ari da jartzen praktikan arlo praktikoa. "Ikusiko dugu proba gainditzen dudan eta noraino heltzen naizen. Baina gogotsu nago eta progresio bat edukitzea gustatuko litzaidake", onartu du.
Gomesek 22 urte ditu eta zortzi urte daramatza epaile. Beraz, eskarmentu handiagoa dauka. "Zenbat eta urte gehiago eraman honetan, orduan eta ezagunagoa zara, gehiago ezagutzen zaituzte eta badakite zure lan egiteko modua zein den. Horrenbestez, zuregana errazago jotzen dute", azpimarratu du. Edozelan ere, mota guztietako partiduak izaten direla dio eta lekuak ere eragina daukala nabarmendu du. "Denetarik dago. Zelai batzuetan oso gustura eta lasai arbitratzen duzu, eta beste batzuetan, berriz, edozein erabaki hartzen duzula, gainera etortzen zaizkizu".
Biak ados daude, epaitzeko orduan, jokalarien gurasoak izaten direla okerrenak. "Uste dute haien semea edo alaba lehen mailako jokalaria dela eta edozein erabaki hartuta ere, beti edukitzen dute zerbait esateko", azaldu du Gomesek. Martinek gaineratu du beti ezin dela irabazi eta guraso askok hori ez dutela kontuan hartzen.
Aintzat hartu behar da erregional mailara arte, bakarrik arbitratzen dutela epaileek. "Marrazain gabe arbitratzen dugu eta faktore oso garrantzitsua da hori. Jokoz kanpo izan dela eskatzen digute askotan, edota baloia marratik irten dela, baina guk ezin izaten dugu guztia ikusi, oso zaila da eta batzuetan sentsazioengatik hartzen dituzu erabakiak", azaldu du Gomesek.
Teknologia futbolean
Azkenik, teknologia berriak futbolean aplikatzea izan dute hizpide. "Telebistarekin, mundu guztiak daki huts egin duzula, baina zuk ez. Alde horretatik, teknologia berriek laguntza handia eman diezagukete epaileoi. Hala ere, modu egokia aurkitu beharko litzateke jokoa askorik ez mozteko", dio Gomesek.