Proiektu horrekin Etxaluzeko parkeak elkargune izateko duen erabilera indartu gura dute, "egungo eremu zabala, txikiagoak eta batuagoak diren eremu borobilduetan banatuz". Eta gaineratu dute: "Esertzeko, elkartzeko eta jolasteko parkea izateaz gain, egun galduta daukan pasaleku funtzioa ere berreskuratuko du, parkeari emango zaion sarrera berriari esker. Belaunaldi ezberdinen arteko harremanak bermatzeko asmoa duen gunea; haurrak, helduak eta adinekoak eroso egongo diren gune bat".
Era berean, materialen hautaketa modu berezian zaindu dute. Asfaltozko ibilbideak, egurrezko eserlekuak eta zoru-guneak, eta belarra erabiliko dute. "Proiektuaren beste abiapuntutariko bat egungo belargune eta zuhaitzak babestu eta gehitzea izan da, bizilagunek zaintzen dituzten lorategiei dagokien garrantzia emanaz eta, beti ere, lurrazpiko aparkalekuen mugak aintzat hartuz" dio Udalaren prentsa-oharrak.
Bizilagunekin adostutakoa
Parke gorriaren itxura berria eta azpian dauden garajeen iragazgaiztasun arazoaren konponbidea jabekideekin izandako elkarrizketen ondorio dira. "Parkearen eraberritzerako urbanizazio lanak ez ezik, lurrazpiko aparkalekuen eremua iragazgaitzeko lanak egiteko adostasuna lortu dugu", azpimarratu dute.
Lurralde Antolaketaren barruan
Hiru ardatz ditu Lurralde Antolaketak: irisgarritasuna eta auzoen eraberritzea; balio ekologiko, estetiko eta hezitzaileak batzen dituzten aisialdi parkeak; eta, mugikortasun plana.
Etxaluzeko parkea bigarren ardatzean sartzen da. 280.000 euroko aurrekontua izango du.