Aldeko eta kontrako iritziak jaso ditu araututako aparkaleku sistema berriak

Eneko Azurmendi 2016ko abe. 24a, 10:27

Herriguneko "agitazio trafikoa" murrizteko helburua dauka astebete martxan daraman araututako aparkaleku sistemak; Hirigintza zinegotzi Irati Etxeberriak dio oraindik goiz dela baloratzeko, baina, oraingoz, normal ari dela funtzionatzen.

Pasa den abenduaren 15ean jarri zen martxan araututako aparkaleku sistema berria herriguneko zenbait lekutan, eta herritarrak, oraindik, egokitzen ari dira. Mugikortasun planeko neurri baten garapena da sistema berria. Hirigintza zinegotzi Irati Etxeberriaren esanetan, helburua da herrigunean autoen erabilpena arrazionalizatzea eta ordenatzea. "Landaguneetako bizilagunendako auzo-taxia eta zenbait auzotatik kalera ibiltzen den herribusa jarri ditugu martxan, eta errotazio eta bertakoendako plaza hauek herrigunean sortzen den agitazio trafikoa murrizteko helburuarekin sortu ditugu", azpimarratu du.

Hasiera batean, normal funtzionatzen ari dela gaineratu du zinegotziak. "Lehenengo egunean makinek arazo tekniko batzuk izan zituzten, eta barkamena eskatu beharrean gaude. Hala ere, ordutik hona, normaltasunez doa guztia", dio.

Bi aparkaleku mota

Bakardadeko Ama, Aita Madina, Aita Mortara, Bidebarrieta, Motxon, Lope Agirre, Portu, Zubibarri eta Ramon Irizar kaleetan dago sistema hori eta bi aparkaleku mota bereizten dira: alde batetik, egoiliarrendako aparkalekuak; eta bestetik, errotaziokoak.

Egoiliarrendako aparkalekuak BR izenez markatuta daude, eta, bertan aparkatu ahal izateko, bertakoen txartela eduki behar da, urtean 50 euro ordaindu beharrekoa –otsailean zehar pasako zaie kontu korrontetik ordainketa hori egoiliarrei–. Abenduaren 12a ezkero, txartel hori eskuratzeko onartu direnen eta onartu ez direnen zerrenda ikusgai dago udaletxeko sarreran, eta onartutakoek txartela bera eskuratu dezakete udaletxean bertan.

Bestalde, ez onartuen zerrendan dauden hainbatek ez dute autoa helbideratuta bizilekuan. Herritar horiek urtarril bukaerara arteko epea izango dute helbideratze tramite horiek egiteko.

Beste aparkalekuak errotaziokoak izango dira, urdinez margotutakoak. Horietan, gehienez, ordubete egongo ahal izango dira aparkatuta autoak. Hori kontrolatzeko, alboan dauden makinetan autoaren matrikula markatu beharko da, ondoren  inprimatutako tiketa autoan bertan ezartzeko, ikuskatzaileak ondo ikusteko moduan. Ikuskatzaile lanetan udaltzainak arituko dira. Bertakoen aparkalekuak 70 izango dira guztira eta errotaziokoak, berriz, 92.

Ordutegiari dagokionez, astelehenetik egubakoitzera, 08:30etik 13:15era eta 16:00etatik 20:30era egongo da martxan eta zapatuetan, 08:30etik 13:15era. Domeketan aparkatze librea egongo da gune horietan.
Horrekin lotuta, Etxeberriak gaineratu du ordubete gutxi irudituz gero, bi orduko aparkalekuak plazako eta Kalegoieneko parkingean dituztela herritarrek.

EAJ, aurka

Araututako aparkaleku sistemaren eta, oro har, horrek dakartzan ondorioen aurka agertu dira hasieratik Oñatiko jeltzaleak. Lurdes Idoiaga EAJko bozeramailearen esanetan, hiru arrazoi nagusi daude: lehenik, aparkalekuen erabileraren azterketa sakonik egin gabe dagoelako. "Autoen zirkulazioaren gaineko azterketa batzuk bazeuden, baina aparkalekuen erabileraren gaineko daturik ez". Bestetik, herrigunea guztiz itxita gelditzen delako. "Herriguneko kaleak oinezkoendako kale  bihurtzen dira guztiz eta zirkulazioan ere aldaketak eragin ditu. Bestalde, herriguneko aparkaleku guztiak denboraz mugatutakoak edo zamalanetarako erreserbatzen dira eta horrekin aparkaleku asko galtzen dira". Azkenik, ordubete denbora laburra delako. "Guk hasieratik eskatu genuen bi orduko errotazioa, alboko herrietan halako sistemak daudelako eta herriak ere hala eskatzen duelako; kexa asko iritsi zaizkigu ordubete oso gutxi dela esanez".

Azkenik, Idoiagak zehaztu du plazako eta Kalegoieneko parkingak  "herriguneko periferian" daudela, kaleko kanpoaldean.

Herritarrek, iritzi desberdinak

Beatriz Gereka: "Ideia ona iruditzen zait errotazio aparkalekuena. Hala ere, ordubete beharrean, bi ordu balira, askoz ere hobeto".

Txus Aranburu: "Niri oso ondo etortzen zait ordubeteko aparkalekua, zenbait enkargu egiteko. Ordubete, ondo aprobetxatuta, nahikoa da".

Irune Crespo: "Ez zait egokia iruditzen. Orduro etengabe autoa mugitu behar izaten dut, eta, lanerako, atzera eta aurrera ibiltzen naiz".

Luis Lopez: "Sistema egokia da, aparkaleku libreak aurkitzea erraza da eta kaleko erosketak egin ahal izateko, ondo datorkit".

Txaro Letamendi: "Nik ez daukat autorik, baina lagun batzuk ez daude batere ados bertakoen txartela urtean 50 euro ordaindu beharrarekin".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak