Herritarren kolaborazioa eskatu dute San Martingo mojen omenaldi libururako

Eneko Azurmendi 2016ko abe. 20a, 15:00

Udaberri aldean utziko dute mojek San Martingo egoitza. Hori dela eta, nolabaiteko aitortza egiteko asmoarekin, liburu bat argitaratzea erabaki dute Inazio Irizarrek eta Carlos Agirrebengoak, liburu herrikoia, beti ere. Herritarrei argazkiak uzteko eskatu diete, liburuan erabili ahal izateko.

Mojen komunitatea gutxitzen doala eta , estatu mailako moja nagusiak hiru taldetan banatzen ari dira Espainiako mojak, komunitatea bizirik mantentzeko. Horregatik, San Martin egoitzan dauden mojak Espainiar estatuaren iparraldea batzen duen taldera –Galizia, Asturias, Kantabria, Aragoi...– eramango dituzte, oraindik zehazki nora ez dakiten arren.

Liburuak bi zati garrantzitsu izango ditu. Alde batetik, testua eta bestetik, argazkiak. Testuari dagokionez, Sor Leonor mojak egoitzaren historiari buruz egindako unibertsitateko tesia eta Aita Jose Ignazio Lasa historialariak ospitaleari buruz Goiargi aldizkarian idatzi zituen 7 artikulu izango dira liburuaren mamia.

Herritarrei kolaboratzeko deia

Liburuaren bigarren zatia, argazkiek osatuko dute eta zati hau, ahalik eta anitzena eta zabalena izatea gura dute liburuaren bultzatzaileek. Horregatik, etxean dituzten argazkiak uzteko eta kolaboratzeko deia luzatu nahi izan diete herritarrei, liburuan mota guztietako argazkiak agertu daitezen. "Ahalik eta jende gehien identifikatu gura dugu. Horregatik, taldeak eta koadrila handiak lehenetsiko ditugu. Herrikoia izatea gura dugu eta hori argazkien bitartez bakarrik lortzen da", azaldu du Inazio Irizar liburuaren bultzatzaileetako batek.

Horretarako, kolaboratu nahi duenak, argazkiak San Martineko egoitzan bertan entregatu beharko ditu. "Paper bat bete beharko dute, argazkia noizkoa den, zeintzuk agertzen diren eta beste datu batzuk emanaz", adierazi du Irizarrek eta, ohartarazi du, argazkiak itzuli egingo zaizkiela jabeei. "Argazki guztiak itzuli egingo ditugu, eta San Martingo egoitzan ondo gordeta egongo dira. Inork ez dezala argazkia galtzearen beldurra eduki".

Liburuaren finantziazioa

Agirrebengoak azaldu duenez, liburuaren finantziazioarekin laguntzeko, bi eragilerekin harremanetan daude: Oñatiko udaletxearekin eta Ulma Fundazioarekin. "Udaletxeak oso harrera ona egin zigun eta Ulma Fundazioa ere, printzipioz, prest azaldu da", dio.

Liburuaren prezioa sinbolikoa izango dela jakinarazi dute, euro bat edo bi balioko ditu. "Oparitu egiten baduzu, jendeak ale asko hartzen ditu. Beraz, gure asmoa da, prezio sinboliko horretan saldu, eta ateratako dirua gobernuz kanpoko erakunderen batera bideratzea", zehaztu du Irizarrek.

Omenaldia, parrokian

Horrez gain, oraindik data jarri gabe dagoen arren, parrokian omenaldi bat egin gura diote mojei, San Martingo egoitzan ibiltzen diren herriko hainbat eragilek –abesbatzak, musika eskolakoak eta abar– parte hartuta. Emanaldi horretan, liburua salgai egotea nahiko lukete Irizarrek eta Agirrebengoak.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak