2017rako aurrekontuaren proposamena aurkeztu du EAJko udal taldeak

Txomin Madina 2016ko abe. 15a, 15:47

"Oñati garatzea eta oñatiarren bizi kalitatea hobetzea" da jeltzaleen helburua eta hauteskunde programa eta herritarren zein eragileen proposamenak kontuan hartutako gaiak jaso dituzte aurrekontuan, bost ardatzetan banatuta. Abenduaren 22an egingo den osoko bilkuran eztabaidatuko dute aurrekontua.

Helburua "Oñati garatzea eta oñatiarren bizi kalitatea hobetzea" dela adierazi dute jeltzaleek eta hori kontuan hartuta prestatu dute 2017ko aurrekontua, "herritarren beharretara egokitutakoa".

Bost ardatz estrategiko ditu proposamenak. Adin guztiei egokitutako kirol osasuntsua sustatzea da horietako bat, eta bertan, besteak beste, San Martingo hariztian korrika egiteko bidea egokitzea eta igerileku irekia izango duen aisialdi gune berria sortzea proposatzen dute. "Kanpoko igerilekuaren azterketa datorren urtean egitea proposatzen dugu. Ikustea leku aproposik dagoen eta baliabideak ere aztertzea", zehaztu du jeltzaleen udal bozeramaileak, Lourdes Idoiagak.

Oñatin udalerri hezitzailearen eredua bermatzea eta kultura sustatzea da beste ardatzetako bat. Hala, gazteendako udaleku teknologiko irekiak eta hainbat gai lantzeko ikastaroak antolatu nahi dituzte, eta kultur alorrean, urteko kultura sariak eta urteko euskara saria sortu.

Hirugarren ardatz bat berdintasunaren aldeko apustua dela adierazi dute jeltzaleek eguen goizean egindako prentsaurrekoan. "Langile, enpresa eta sindikatuekin batera kontziliazio erantzunkidea eta lan berdintasun eskubideak bultzatzeko plana garatzea eskatuko dugu", zehaztu du Marijo Etxegoien zinegotzi jeltzaleak. Argiteria hobetzea ere proposatuko dutela gaineratu du Etxegoienek, "herriko beldur guneen mapan identifikatutako puntu ilunak argiztatuz. Puntu horietako batzuk zeintzuk izan daitezkeen ere aipatu dituzte: Bidaurreta, Olakua/Olapoto, Motxon, Otadui zuhaiztia eta San Lorentzo.

Eskaria

Laugarren ardatza hirigintzarekin dago lotuta, eta bi gai garrantzitsu lehenesten dituzte: batetik, inguruko herrietan bezala hondakin bilketarako edukiontzi sistema ezartzea, eta bestetik, etxebizitzen inspekzio teknikoa egitetik datozen obrak diruz laguntzea.

Gaur ezarri duten txandakako aparkaleku sistema bi ordukoa izatea, bizikleten eta patineteen erabilera arautzeko ordenantza egitea eta landa auzoei dagokienez argiteria plan orokorra egitea ere eskatu dute jeltzaleek.

Sozioekonomia garatu eta sustatzea da bosgarren ardatza. Beste bi plan proposatzen dituzte esparru honetan: bat, enplegua eta ekintzailetasuna sustatzeko, eta bestea, tokiko merkataritzari, autonomoei, lehen sektoreari eta enpresa txikiei zein ertainei laguntzekoa. Turismoko Plan estrategikoa berregitea ere eskatu dute jeltzaleek, herriko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko helburuarekin.
Proposamen guztiak dagokion diru partidarekin aurkeztu dituztela diote EAJko zinegotziek, eta Udal Gobernuko taldeari eskatu diote eskariak aintzat hartzeko 2017ko aurrekontuan.

Hilaren 22ko osoko bilkuran eztabaidatuko du udalbatzak 2017ko aurrekontua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak