Nikolas Segurola, fraide, artzain eta bertsolari izeneko liburuak Matxinbentakoaren hiru alderdi horiek jasotzen ditu. Beristainek izan du fraide alderdikoak jasotzeko ardura, Euzkitzek bertsolaritzakoak eta Urartek –albaitaria da– artzaintzari buruzkoak.
"Fraide bezala Nikolas oso anaia da, oso senidea. Urtero, gure urtebetetzean, bertsoak egiten dizkigu bakoitzari. Oso etxekoa da, etxerako modukoa. Bada, hori, Nikolas", azaldu du Iñaki Beristainek.
Euzkitzek, berriz, zera esan du, besteak beste: "Uste dut liburuak ederki erakusten duela bertsolaritzak nolako garrantzia izan duen Nikolasen bizitzan hasiera-hasieratik, bertsolariekin izan duen harremana, gai-jartzeko lanak eta epaimahaiko gorabeherak eta... Horiek denak azaltzen dira, eta, gero, nola ez, berak egindako hainbat eta hainbat bertso ere bai. Ikaragarrizko gurdikada osa daiteke Nikolasek egindako bertsoekin".
Urartek, azkenik, adierazi du "inork" ez duela "Nikolasek moduan ardi latxa defendatu eta goratu, orain Euskal Herriko ikur bilakatu den hori".
Liburuan jasotako eta jaso gabeko ugari azaldu dituzte Arantzazun egindako aurkezpenean, hamaika pasadizo barregarri izan dira tartean, eta berbaldiak bertso eta kantuz tartekatu dituzte, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasorekin eta Oñatiko Ganbara abesbatzarekin.
Aretoa bete dutenen artean izan dira liburuan lekukotza utzi duten hainbat eta hainbat lagun ere.