Nikolas Segurolaren hiru alderdiak liburuan jasota

Iñaki Beristain, Nikolas Segurola, Eduardo Urarte eta Xabier Euzkitze Donostiako aurkezpenean.

Iñaki Beristainek, Xabier Euzkitzek eta Eduardo Urartek idatzi duten Nikolas Segurola, fraide, artzain eta bertsolari liburua aurkeztuko dute etzi, zapatua, Arantzazuko Gandiaga Topagunean, 11:00etan. Aurkezpenean, Segurolari omenaldia egingo diote.

Matxibentan jaio zen 1939an Nikolas Segurola, eta haurra zela Arantzazura joan zen ikastera. Osasun arazoengatik etxera itzuli behar izan zuen; hala ere, Arantzazura bueltatzeko aukera ez zuen sekula baztertu. Mutil gaztea zela itzuli zen berriz ere fraide artera. Harrezkero fraide frantziskotar moduan egin du bizitza osoa, eta Gomiztegi baserria izan du bizitoki.

Askotariko lanak egin ditu Segurolak frantziskotarren baserrian: ordu asko egin ditu ortuan eta baita mota askotako abereak zaintzen ere. Haren "bihotzeko animaliak", baina, ardiak dira; etxeko artaldearen ardura izateaz gainera, aipatzekoa da euskal artzaintza gaurkotzeko egin duen ahalegina. Ondorioz, sari asko jaso izan ditu eta gaur egun belaunaldi ezberdinetako artzainendako erreferente da Segurola.

Bertsolaritza, beste pasioa

Txiki-txikitatik izan da Segurola bertsolaritza zalea. Hainbat txapelketatan jardun zuen gaztetan, eta geroago, bertso jartzaile lanetan ere bai. Zaletasunari eusten dio oraindik ere: etxeko fraideek urtero jasotzen dute haren bertsoa urtebetetzeko opari; eta, enkarguzko bertso asko egiteko ere eskatzen diote.
Horregatik guztiagatik, aspaldi zenbiltzan Xabier Euzkitze eta Iñaki Beristain biografia-liburua idazteko gogoarekin. "Lagunen ikuspegitik dago liburua idatzita: fraide alderdiaz arduratu naiz ni; Euzkitzerenak dira, bertso alderdiaz jasotakoak, eta Gomiztegiko Artzain Eskolaren hastapenetan alboan izan zuen Eduardo Urarte albaitariak idatzi du artzainaren alderdiaz", kontatu du Iñaki Beristain frantziskotarrak.

Etzi, omenaldia Arantzazun

EFArantzazu argitaletxeak kaleratu du, eta Gandiaga Topagunean 11:00etan aurkeztuko dute etzi. Gonbidapenik ez da aurrez behar, baina edukiera mugatua izango du. Liburuaren egile eta protagonistaz gainera, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolaria eta Ganbara Abesbatza izango dira.    
10 eurotan eskuratzeko aukera izango da ekitaldian, eta ondoren, 20 eurotan salduko dute Arantzazuko dendan, liburu dendetan eta Durangoko Azokan.

GOIENA KLUBEKO BAZKIDETZA %30 MERKEAGO

Goiena Komunikazio Taldeko hedabideek lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena dute. Ondorioz, Goiena Klubeko bazkide baldin bazara zerga onurak ezarriko zaizkizu Goienari egin diozun ekarpenarengatik.

Goiena Klubeko bazkidetza kuota %30 merkatuko zaizu errenta aitorpena egiterakoan.

BAZKIDE EGITEKO, DEI EGIGUZU: 943 25 05 05 edo egin klik hemen.


Zerga onurak izateko datuak bete