Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, egitarau zabala osatu du Oñatiko Udalak. Gaur, egubakoitza, Hogei bat herritar batu dira euskaldun berrien gelan, Sortzen Aholkularitzako Norma Vazquezek burutu duen emakumeen aurkako indarkeria matxistaren udal diagnostikoaren aurkezpena gertutik jarraitzeko.
Maiatzetik hona egindako lanaren emaitzak aurkeztu dituzte bertan, eta Udalari lanean jarraitzeko gomendioak ere plazaratu dituzte. "Egoeraren diagnosia egin eta indarkeria matxistari dagokionean erakunde arteko jokabidearen inguruko gomendioak eskaintzea" dela euren helburua azaldu du Norma Vazquezek.
Besteak beste, 2013tik 2015era, Ertzaintzan indarkeria matxistari lotutako 35 salaketa jarri zirela (%66 genero indarkeriagatik eta %33 etxeko indarkeriagatik), eta zerbitzu sozialetara 15 emakumek jo zutela azaldu du Norma Vazquezek. Adin tarteari dagokionez, 25-49 urtekoak ziren emakume gehienak.
Ertzaintzan salaketa jarri zutenetatik, %48ak tratu txar fisikoak jasa zituen, eta %20ak tratu txar psikologikoak. Kasu horietako %45ean erasotzailea bikotea izan zen, eta %28an bikote ohia.
Gainera, 20 aldentze agindu eskatu ziren 2013 eta 2015 urteen artean, eta horietatik 15 onartu ziren.
Atera dituzten ondorioen artean, "indarkeria matxistaren normalizazioa" eta "maila sozialean ez dagoela kontzientziaziorik ezta prebentziorik" azpimarratu dituzte. "Herritarrek ez dute hau ikusgai egiteko lanak egiten", azaldu du Norma Vazquezek.