'Olaran paisaia' proiektuaren lehen fasea datorren urtean egin gura dute

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko aza. 18a, 13:31

Olaran erreka ardatz hartuta, alde bietara dauden guneetako paisaia elementuak indartu eta jasotako eskaerekin herritarrek ikusi dituzten beharrak egokituko ditu udalak. San Lorentzo, Olakua eta San Martin sartzen dira proiektuaren barruan. Astelehenean egingo dute aurkezpena herritarren aurrean; 19:00etan Olakuako dorretxean.

Olaran paisaia izena jarri dio udalak martxan jarri duen proiektu paisajistikoari. "Ikusi dugu aurreko urteetatik behar batzuk daudela aisialdiaren, jolas guneekin eta baita natura hezkuntzarekin ere, adibidez. Behar horiei era isolatuan erantzun beharrean, egoerak ikuspegi integralago bat eskatzen duela iruditzen zaigu; paisaia plan baten beharra. Olaran errekak lotzen ditu Ugarkalde, San Lorentzo, Olakua, Aldakiñoko aldapa eta San Martin, eta horregatik jarri diogu izen hori proiektu honi", azaldu du Mikel Biain alkateak.

Bost gunetan

Iñigo Segurola paisajista ezagunak lana egiten duen Lur Paisajistak enpresari eskatu zion udalak proiektua egiteko. Egun batean irteera egin zuten udal ordezkariek Segurolarekin, inguruak ezagutzeko, eta orduan hasi ziren lanean paisajistak.

Proiektuak jasotzen duen moduan, bost gunetan egingo dituzte egokitzapen lanak. "Eltzia pareko berde gunean, adibidez, ur txorrotak eta gimnasia egiteko aparailuak jarriko ditugu. Karabanak eta atoiak aparkatuta egoten diren errepide zati hori ere belardiari emango diogu, espazio naturala irabaziz. Olakuako dorretxearen inguruan, berriz, putzuak egokituko dira eta handik eta natura eskolara doan bidea ere ezberdina izango da gero. Akazia handi batzuk landatu eta pasabidea moldatuko da", azaldu du Biainek. Erreka gurutzatzeko dagoen zubira heldu baino lehen dauden aparkalekuak kenduko dira eta zebra-bide erraldoi bat marraztuko da lurrean, marra diagonalak eginez; grafismo antzerako bat egingo dute lurrean.
Ahateen putzuek tamaina bikoitza izango dute gero eta ertzak naturalki prestatuko dira egokiak izan daitezen sorgin-orratzendako eta txantxikuendako, esaterako. Natura eskolako eraikina gehiago bistaratzea ere bada asmoa. Ondoan euri-urez beteko den putzua egokituko dute, anfibioendako. Hormigoizko terraza txiki batzuk ere egingo dira, eta inguru horretan dagoen metal-ur iturriak herdoil kolorea emango die.

Aldakiño aldapa igota, San Martin auzoko berdegune batean umeendako jolasak jarriko dituzte. "Baina izango dira jolas ez konbentzionalak. Ez dira ziburuak eta txirristak egongo, lokatza eta area baizik", zehaztu du alkateak. Pikondoak landatu gura dituzte gune horretan, ez direlako oso fruta-arbola garaiak eta arrama sendoak dituztelako, umeak pikoak hartzeko igo ahal izateko. Horregatik, Baratzeko pikuak izena jarri diote esparru horri. Umeek euren kasa jolasteko gune natural bat izango da, eta gurasoen sarrera zailtzeko elementuak ere jarriko dituzte.

Ur txorrotak

Joan den astean batzorde monografiko bat egin zuten alderdi bietako udal ordezkariek proiektuaz berba egiteko. Faseka egingo dute eta Udal Gobernuak abenduaren 4a aurretik jakinaraziko dio oposizioari lehentasuna zeri ematen dion. Biainek esan du abenduaren 19a izango dela muga erantzuna jasotzeko. 2017ko aurrekontuetan fase bat sartzea da asmoa. Baliteke Eltzia pareko ur txorrotak izatea egingo duten lehen gauza.

--------

Iñigo Segurola: "Pozik nago proiektu honekin, erronka da"

Segurolak aitortu du lehen aldiz jaso dutela horrelako plan integral bat egiteko proiektua, eta "ilusioz gainezka" dagoela.

Proiektu honekin pozik zaudela antzematen zaizu.

Europan egiten dira natura plan integralak, baina hemen industriara edo etxebizitzei lotutakoak egiten dira. Nire ibilbide profesionalean lehen aldiz jaso dut horrelako enkargu bat, eta pozez zoratzen nago. Erronka bat ere bada, gainera.

Nola egin duzue? Zer izan duzue kontuan?

Udal ordezkariekin berba egin dugu eta azaldu digute ondo zer gura duten. Behar horiek naturan txertatu gura izan ditugu.

Landare berri asko ikusiko ditugu gero Oñatin?

Bai eta ez. Eltzia parean, esaterako, badaude egun zuhaitzak eta horiek hortxe utziko ditugu. Loreak sartuko ditugu; urdinak agian. Olakuako dorretxe inguruan, kirolerako gunean ez da aldaketarik egongo eta putzuen bazterretan ur ertzetan hazten diren landareak sartuko ditugu. Aldakiñoko landaretza basatia mantendu egingo dugu eta San Martinen, gereziondo japoniarrak eta pikondoak landatuko ditugu; baita usain-belarrak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak