Udal Gobernua osatzen duen EH Bildu alderdia ari da datorren urteko aurrekontuak lantzen. Teknikoekin batera lantzen ari dira hainbat proiektu baina herritarrekin batera ere osatu gura dituzte aurrekontuak. Hala, gogora arazi dute udal webgunean bitartez edo teknikari zein zinegotziekin hitz eginda, herritarrek aukera dutela euren proposamena egiteko. Azaroaren amaieran itxiko da epe hori. Dena dela, Udal Gobernuan dauden zinegotziek aurreratu dute ume eta gaztetxoekin Arazerixan! landutako proposamenak aztertzen ari direla teknikoekin batera eta horietako batzuk datorren urteko aurrekontuetan sartuko dituztela.
Oraindik lanketa prozesuan ari badira ere, aurreratu dute datorren urtean lehentasuna izango dutela, besteak beste auzoen eraberritzeak, irisgarritasunak eta Eltziak.
Garrantzitsua ikusten dute, era berean, herritarrek ulertu behar dutela zer diren aurrekontuak. Etxeko ekonomiaren adibidea jarri du Paskual Elustondo kontu hartzaileak: "Familia baten diru sarrerak daude batetik, soldata edo pentsioa adibidez. Gastu arruntak ere badaude eta soberakina behar da maileguak ordaintzeko. Sarrera arruntak eta gastu arruntak orekatzea garbi garrantzitsua dela ikusten da edozein familiatan. Udalaren kasua ere bera da. Oso inportantea da sarrera arruntak eta gastu arruntak orekatzea; sarrera arruntekin tapatu behar dira gastu arruntak".
"Herritarrari zerbaitek eragin behar badio 2017an, aurrekontuak dira puntuetako bat. Bere proposamenak eragin ekonomikorik badu, edo aurrekontuetan jasotzen da, edo ez dago", gaineratu du Elustondok.
Parte-hartzea
Parte-hartze sistemak erabili ditu Udal Gobernuak 2011tik aurrekontuak lantzeko, eta geldiune bat egin eta prozesu hori baloratzeko garaia heldu dela uste dute. "Gabonen ostetik udara bitartean baloratu egingo da parte-hartze sistema. Bi helburu izango ditu ebaluazio honek: batetik, ikuspegi operatibo batetik egingo da; hau da, aztertu ahalaz helburuak ere jarriko dira. Bestetik, parte-hartzailea izango da eta herriko eragileei egingo zaie dei parte hartzeko", azaldu du Onintza Andres parte-hartze teknikariak.
Hemendik eta urtea bukatu bitartean erabakiko eta landuko dute ebaluazioa nola egin. Izan daiteke elkarrizketak egitea, bilera irekiak antolatzea edo baita galdetegiak prestatzea ere.