Alde batetik, Osasuna eta Errauskailua Ikerketa Taldeko Marta Barandiaran eta Ina Idarreta medikuak errauskailuaren eragin eta ondorioak azaldu zituzten, datu objektiboetan oinarriturik. Izan ere, Europa mailako hainbat errauskailuk eragin izan dituzten ondorioak ikertu dituzte. Azpimarratu zuten oso zaila dela errauskailu baten eraginak modu zehatz baten neurtzea, faktore asko hartzen baitira kontuan.
Bestalde, Jose Mari Izeta GuraSOS herri plataformako presidenteak ere hitzaldia eman zuen, plataforma honen nondik norakoak azalduz. "GuraSOS, maiatzaren 7an sortu zen, haurrei esanez ez dizuegu hutsik egingo. Haurren osasunarekin oso kezkatuta gauden gurasoak gara eta asko pentsatu gabe egiten diren gauzekin ere kezkatuta. Medikuek esan duten moduan, errauskailuak isurtzen dituen toxikoak oso metagarriak dira. Horrekin lotuta, Zubietan errauskailua egiteko proiektuari dagokionez, iruditu zitzaigun gizartea sentsibilizatu beharra zegoela, gaia larria delako", azaldu du Izetak.
Gaineratu zuten, bai medikuek, baita plataformako presidenteak ere, informazio objektiboa lortzea oso zaila dela, interes asko dagoelako horren atzean. "Iristen zaigun informazioa oso interesatua eta iragazki batetik pasatua. Botereak maneiatzen du asko informazio hori eta guk nahi duguna da benetako informazioa, egiaztatua eta zientzialariengandik datorrena", azpimarratu du herri plataformako presidenteak.
Herri plataforma honen aldarrikapena, bikoitza da. Alde batetik, errauskailuaren aurkakoa eta bestetik, proiektu horren baitan abiarazi beharreko prozesu parte-hartzaile baten aldekoa.
Hain zuzen ere, azken hori aldarrikatzeko, manifestazio bat deitu du plataformak, azaroaren 26rako.