San Juan Artia Gipuzkoa eta Araba arteko ohiko pasabidea izan zen mendeetan. Han egon zen ermita noizean behin erabiltzen ote zen edo ingurua ohiko bizilekua zen jakin gura du Donostiako arkeologo Iosu Etxezarragak, eta atzo aurkezpena egin zuten kultura etxean herritarrei jakitera emateko zein lan egingo dituzten.
Bizpahiru astez, hiruzpalau lagun izango dira gaur egun desagertuta dagoen ermita ingurua aztertzen. Iaz egin zituzten lehenengo miaketa arkeologikoak edo katak, eta XIII edo XIV. mendeetakoak izan daitezkeen aztarnak aurkitu zituzten; ontzi zatiak eta baita ere hilobi bat.
Orain, iaz aztertutako eremua zabalduko dutela esan zuen Etxezarragak aurkezpenean, eta esperantza dute aurretik aurkitutako baino aztarna zaharragoak topatzeko. Hauxe adierazi du arkeologoak: "Gipuzkoan zehar topatzen ari garenez beste ermita batzuetan aztarna benetan zaharrak VIII. eta IX. mendeetakoak, gure esperantza da hori topatzea San Juan Artian. Miaketa edo ikerketa arkeologiko horren helburua da Gipuzkoako herrien jatorria eta herrietako auzoen jatorria ezagutzea, orduan, baliteke eta ikusi eta frogatu beharko dugu, San Juan Artian bere garaian herrixka bat egotea, jendea bizitzea eta momentu batean herrixka hori desagertzea, eta ondoren benta egin izana. Baina hori hipotesi bat da eta lana egin behar dugu hori frogatzeko".