Asfaltoaren ordez, izan ere, galtzada-harriak ipini dituzte kalean barrena. Oraingo fasean, Ramon Irizar kaleko kantoitik Udaletxe ostera arteko zatia egokitzen dabiltza, eta bi kantoi ere bai: Ene Badadendatik Atzeko Kalera doana eta Kirrinenekoa. Obra horiek 209.000 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Gipuzkoako Urendako azpiegitura batzuk berritzeko lanek, horiekin batera egiten dabiltzanak, 80.000 aurrekontua dute.
Udaleko Hirigintza batzordeburu Irati Etxeberriak honako hau dio: "Obrak egiten dabilen enpresak hornidura arazo batzuk izan ditu, baina Udala oso zorrotz jarraitzen dabil lanak, eta, oraingo martxan jarraituz gero, dena ondo bidean, herriko jaietarako bukatuko dutela espero dugu".
Sarrera, 12:00ak arte
Peatonalizazioa bukatzen denean, baimendutako ibilgailuak bakarrik 12:00ak arte pasa ahal izango dira bertatik; udaltzainek zainduko dute hori. Gero, oinezkoendako bakarrik geratuko dira Atzeko Kalea eta ondoko kantoiak. Orain arte bezala, udaletxe atzetik eta Portu kaletik irteera izango dute ibilgailuek. Puntu beltz bat desagertu egingo da: alondegiaren eta Kale Barriaren arteko bidegurutzea, hain zuzen ere; gaur egun, oinezkoek eta autoek konpartituta dute zati hori.
Peatonalizazioarekin batera, txandakako aparkaleku sistema hasiko da. Horretarako aparkalekuak honako leku hauetan egongo dira: Bakardadeko Ama kale bukaeran, Onceren kaseta ondoan; Aita Madina kale osoan; batzoki atzean eta Portu kaleko bi aldeetan; Ramon Irizar kalean; Zubibarrin eta Motxon kale osoan. Atzeko Kaleko bizilagunendako aparkalekuak ere egongo dira. Txandakako aparkaleku horietan ordu betez, doan utzi ahal izango da autoa. Horiek arautzen dituen udal ordenantza behin-behinekoz onartuta dago, eta iraileko osoko bilkuran behin betiko onartu gura du Udalak.
Horrez gain, kiroldegi pareko lurpeko aparkalekuak orain arte bezala erabilgarri izaten jarraituko duela gogorarazten dute udal arduradunek.
Aparkaleku sistema berria hastearekin batera, bestalde, Kale Zaharreko eta San Anton kaleko bizilagunek salatu dituzten zarata eta mugikortasun arazoak neurri baten konpontzea espero du Udalak.
"Emaitzak merezi izango du"
Atzeko Kaleko behealdeko obrak bukatzearekin bat, Oñatiko erdigunearen zati handiena oinezkoendako soilik edo haiek lehentasuna duten gune bezala geratuko da. Hori da 2014an onartu zen Mugikortasun Jasangarri udal planaren helburuetako bat.
Peatonalizazioarekin, bestalde, Atzeko Kaleko bizilagunek lasaitasuna irabaziko dute, ibilgailuen joan-etorritik libratuko baitira. Kaleko bizilagun Jose Antonio Azpiazuk honako hau dio: "Nire iritziz, proiektua ona da; zamalanak goizean egin ahal izango dira. Gaur egun, Kale Barrian ezin denez zirkulatu, Atzeko Kaletik auto batzuk neurriz kanpoko abiadan joaten dira eta arriskua sortzen da; eta batzuetan autoak espaloira igota aurkitzen dituzte oinezkoek". Gaineratzen duenez, "obra luze samar doa, baina emaitzak merezi izango du".
Iritzi antzekoa azaldu du bizilagun talde batek GOIENAri bidalitako gutun baten: "Oso pozik gaude, azkenean, gure kalearen oinezkoendako obrak burutu izanagatik. Are gehiago, uste dugu obra hori, Kale Barrian egin zen moduan, kale guztia goitik behera hartuta egin behar izan zela bere garaian".
Irailean, Mugikortasun Astea egingo da, eta orduan, arlo horretako nahikotxo neurri eta ekintza aurkeztuko ditu Udalak, irailean eta urrian martxan jarriko direnak. Besteak beste, erdiguneko txandakako aparkalekuak, Atzeko Kaleko bizilagunendako aparkalekuak, Herri Busaren proba pilotua, peatonalizazioa eta Txaketua eta Caixa banketxe arteko zatia 12:00etatik aurrera oinezkoendako uzteko proba pilotua ere.
Kooperatibako langileei erantzunez
San Miguel Kooperatibako 13 langilek peatonalizazioaren kontrako iritzia agertu zuten GOIENAri bidalitako gutun bidez (haiekin kontaktuan jarrita, oraingoz ez dute beste adierazpenik egin), esanez "bezeroei sarrera itxi eta etxez etxeko banaketan trabak" jartzen dizkiela proiektuak. Irati Etxeberriak honako hau erantzuten du: "Aldaketa egongo da gero ezin izango delako kooperatiba aurrean aparkatu erosketak egiteko, baina 50 metrora aparkalekuak egongo dira". Gaineratu duenez, "Udalak gogoan du kooperatiba eta neurria ez da euren kontra; gure ustez, azkenean, onerako izango da".