Igerilekua eta gimnasioa handitu edo eraikin berri batean egin

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko uzt. 21a, 14:43

Aukera biak egiteko hiru proposamen jaso ditu Udal Gobernuak eta herritarrekin partekatu gura ditu, euren iritziak jasotzeko. Kanpoko igerilekua egitea ere jasotzen du aukeretako batek. Udalak oraindik ez du erabakirik hartu baina kirol planak emandako beharrak nola lantzen edo aztertzen ari den erakutsi gura die herritarrei. Lehen bilera irekia jaien ostean izango da, arkitektoekin batera.

Igerilekua handitu eta kiroldegia berritu beharra jaso du herrian egindako kirol planak eta behar horiek lantzen hasita dago Udal Gobernua. Chocarro&Herranz arkitektoek egin dute igerilekua handitzearen proiektua: hiru kale gehiago izango lituzke igerileku handiak; txikia ere egungoa baino handiagoa litzateke, saunak dauden espazioa hartuz; egun aerobik gela dagoen tokian gune hezerako aldagelak egongo lirateke; eraikinak pisu bat gehiago izango luke eta gimnasioko eremua handiagoa izango litzateke. Hiru milioi euro eta erdi beharko lirateke hori egiteko.

Datuak eskuan izanda, bi zerbitzu horiek hartuko lituzkeen eraikin berri bat egiteak ze kostu izango lukeen ere jakin gura izan du Udal Gobernuak eta kalkulu horiek egiteko ere eskatu die arkitektoei

Zubikoatik kanpo

Igerilekua eta gimnasioa eraikin berri baten egitekotan, bi aukera jaso dituzte udalean: sabai erretraktila duen igerilekua da bat, hau da, itxi eta zabaldu egiten den sabaia; bigarren aukerak jasotzen du barruko igerilekuaz gain kanpoan bi ur potzu egitea, bata txikia, tamainaz eta sakoneraz, eta bigarrena igeri egiteko bi kalez gain txirristak edo jolaserako elementu batzuk dituena.

Bi aurreproiektu horien zenbatekoak ere baditu udalak: lehen aukerak hiru milioi euro eta erdiko kostua izango luke eta bigarrenak lau milioi euro eta erdikoa. "Igerilekua eta gimnasioa Zubikoatik atera eta eraikin berri baten egiteko aurreproiektu hauek, baina, ez daude Oñatirako propio landuta, hau da, ez da lanketa sakonik egin. Oñatin legez beste edozein tokitan egin ahal daitezkeen proiektuak dira", argitu du Borja Moiuak, kirol zinegotziak. 

Eraikin berria egitea jasotzen duten bi ideien kopuruak, baina, ez dira erabatekoak. "Eraikin hori egiteko 7.000 metro karratuko lursaila beharko genuela diote arkitektoek, eta guk ez dugu horrelako espaziorik. Kirol zerbitzuetako langile kopurua ere handitu egingo zen eta egungo kiroldegian obrak egin beharko lirateke igerilekuak eta gimnasioak utzitako tokiak beste zerbaiterako aprobetxatzeko", dio Moiuak. Egitasmo guzti honen barruan, paddle pistak egiteko aurrekontuak ere jaso ditu udalak: tenis pistaren ondoan hiru paddle pista jarraian egitea 600.000 euro lirateke eta bigarren tenis pista berria egin eta zaharraren tokian paddle-eko hiru pistak egitea, denak estalita, 776.000 euro, gutxi gora-behera.

Eztabaidatu

Kirol zinegotziak garbi utzi du Udal Gobernuak oraindik ez duela erabakirik hartu eta gaia herritarrekin partekatzea gura dutela. "Kontua ez da orain arte jaso ditugun hiru aukera hauen artean baten edo beste baten alde egitea, baizik eta bakoitza hartu eta lantzea, horren gainean eztabaidatzea eta bakoitzaren aldeko eta kontrako arrazoiak bilatu eta balantzan jartzea. Eta ez bakarrik zenbakiei begiratuta. Esaterako, dagoen igerilekua handitzeak esan gura du hilabete batzuetan ezingo dela gune hezea erabili Oñatin. Igerilekua eta gimnasioa eraikin berri baten eginez gero berriz, kirol instalazio guztiak ez lirateke eraikin bakarrean egongo, orain gertatzen den moduan", azaldu du kirol zinegotziak.

Urrian

Gai honekin parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udal Gobernuak udazkenean. "Herriko jaien ostean bilera ireki bat egingo dugu herritarrekin. Arkitektoak eurak ere etortzea gura dugu, herritarren kezkak eta galderak eurek zuzenean erantzuteko eta aurreproiketua ahalik eta zehatzen azaltzeko", dio Borja Moiuak.
Prozesua luzea izan daitekeela aurreikusten du Moiuak baina agintaldi honetan erabakiren bat hartzeko moduan izango direla uste du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak