Onartutako inbertsioek eztabaida sortu dute osoko bilkuran

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko api. 8a, 13:02

Oñatin osoko bilkura egin zuten atzo eta diru kontuek hartu zituzten minutu gehienak. 2016rako onartuta zeuden inbertsio guztiak betetzea posible ez dela izango ikusi dute  alderdiek, eta eztabaida sortu zen EH Bildu eta EAJren artean.

23 puntuko gai zerrenda izan zuten eztabaidatzeko atzo Oñatiko udalbatza osatzen duten zinegotziek eta aurrekontuei lotutakoak hartu zituen minutu gehienak. Kontua da 2015eko likidazioa eginda, alderdiek ikusi dutela ezingo direla egin abenduan onartu ziren 2016ko aurrekontuetan jasotako inbertsio guztiak.

EAJ alderdiarendako ez da sorpresa izan egoera hau, Miren Elgarresta bozeramaileak adierazi duen moduan. Bere esanetan, abenduan kontu hartzaileak aurkeztu zuen txostenean nabarmen ikusten ziren datuak eta neke ekonomikoa eta horregatik bozkatu zuten aurrekontuen kontra. Oposizioko alderdiarendako datuak ez ezik, Udal Gobernuak jarraitu duen linea da kezkagarria, izan ere, Elgarrestaren iritziz, aurretik lanak ondo eginez gero egoera hau ekidin zitekeen.

Udal Gobernuan dagoen EH Bildu alderdiarendako, baina, egoera ez da hain larria eta udala osasuntsu dago.

 

Alkateak onartu du hala ere, onartutako inbertsioak handiegiak izan daitezkeela agian, horregatik, eta txosten finantzieroa ez egitea erabakita, inbertsioak eurak berplanteatzea erabaki dutela, horietako batzuk 2017rako utziz.

Lau milioi eta erdi inguru jaso ziren 2016ko aurrekontuetan inbertsioetarako, eta horietatik milioi bat datorren urterako geldituko da. EAJren ustez, baina, kopuru hori ez da nahikoa.

Eztabaidak eztabaida, EAJko kontrako botoa eman zion inbertsioak berplanteatzeko Udal Gobernuaren proposamenari, lanak ondo egin ez dituelako eta kopura nahikoa ez delako.

Osoko bilkura amaitu aurretik, baina, gai zerrendatik kanpo zeuden bi puntutan ados daudela erakutsi zuten zinegotziek. Batetik, Bidarten izandako hilketa sexista salatzean eta bide batez bihar Gasteizen egingo den manifestaziorako deialdia egitean, eta bestetik, Udal Legea onartzea ona dela aipatzean.

Txantxiak, Okitaño eta Eltzia

Baina aurrekontuen inguruan ez ezik, beste gai batzuen inguruan ere eztabaidatu zuten Oñatiko zinegotziek. Esaterako, Txantxien inguruan. Orain arteko esperientzia ikusita eta nahiz eta onartu proiektuak ez dituela eman aurreikusitako emaitzak, Elkarri Lagunduz proiektuarekin jarraitzea erabaki du Udal Gobernuak. Erabakia herriko merkatariekin berba egin ostean hartu dutela adierazi zuen osoko bilkuran Mikel Biain alkateak. EAJk baina, kontrako botoa eman zuen, Txantxien proiektu honek orain arte emandako datuak batere onak ez direla argudiatuta.

Bestalde, Okitaño Baratze Elkartearekin egindako hitzarmena ere ez du erabat ondo ikusten alderdi jeltzaleak. Hitzarmenak dakar aurrerantzean elkarteko kide bakoitzak 5 euro ordainduko dituela  urtean 70 ordaindu beharrean; jeltzaleak 70 euroko tasari eustearen alde agertu dira, diru hori fondo batera bideratu daitekeela esanaz, eta abstenitu egin ziren.

Eta Eltzia eta Udalaren arteko hitzarmenean ere abstentziora jo zuen EAJk, orain arteko jarrera aldekoa izan bada ere. Kasu honetan ordutegi falta eta erabiltzaileek Eltzia doan erabiltzea izan dira erabaki horren arrazoiak. Udal Gobernuak baina, arazorik sortu ezean ez du derrigorrezkoa ikusten ordutegia ezartzerik, eta erabiltzaileei dirua kobratu beharreko proposamen horri buruz, adierazi du ordaina ez da zertan dirutan etorri behar. Nerea Zubia kultura zinegotziak adierazi duen moduan," taldeek euren jarduna egitea aberasgarria da herriarendako"; bestalde, adierazi du ez zaiola batere ondo iruditzen Eltziako erabiltzaileei kuota bat kobratzea eta beste udal instalazioak erabiltzen dituzten herriko beste taldeei ezer ez kobratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak