Arrikrutzen ere ospatuko dute Koben Eguna

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko mar. 10a, 15:37

Lehoiaren hezurdura nola aurkitu zuen kontatuko du zapatu arratsaldeko bisita berezian Iñaki Zubeldiak. Domekan, berriz, prezio erdia kostako da kobako sarrera.

Euskal Herriko kobazuloen elkarteak antolatuta, Koben Eguna ospatuko dute datozen bi asteburuetan. Arrikrutzen kasuan, zapatuan eta domekan izango dira ospakizunak. Zapatuan, bisita berezia egongo da duela 50 urte lehoiaren hezurdura aurkitu zuen Iñaki Zubeldiarekin. Domekan, berriz, prezio erdia balioko du sarrerak.

Itxita dagoen galeria

Lurpea izeneko elkartean batzen dira Euskal Herriko kobak. Zortzi dira eta elkarrekin antolatzen dute urtero Koben Eguna. Aurtengo egitaraua Arrikrutzen aurkeztu dute, lehoiaren hezurduraren 50. urteurrena delako. "Denak dute balio esanguratsua duen ondare geologikoa, paleontologikoa edo arkeologikoa, adibidez, eta horiek erakusteko bisita eta ekintza ezberdinak egingo ditu koba bakoitzak datozen bi asteburu hauetan", azaldu du Arrikrutz Kobak kudeatzen dituen Oinatur kooperatibako Leire Garaik.

Karrantzako Pozalaguako, Ekainberriko eta Mendukiloko ordezkariak egon dira aurkezpenean, Arrikrutzekoak ez ezik, eta eskerrak eta ongietorria eman zien denei Mikel Biain alkateak. "Herritarrak gonbidatu gura ditut bisitetan parte hartu eta kobazuloak ezagutzera", gehitu zuen segidan.

Iñaki Zubeldiak 1966an aurkitu zuen lehoiaren hezurdura Jesus Maroto ikaskidearekin batera. Galdu egin ziren biak kobazuloan, ez zekiten non zeuden eta nola atera handik, eta halaxe aurkitu zuten hezurdura, kasualitatez. Bizipen horiek kontatuko ditu Iñaki Zubeldiak, bertatik bertara, zapatuko bisita berezian. 16:00etan izango da.

Penintsulan ez da oraindik Arrikrutzeko lehoiaren besteko hezurdura osorik aurkitu. Zubeldiak eta Marotok zapaldu zuten galeria hori itxita dago egun, kontserbaziorako. Baina apirilaren 16an bisita berezia egingo dute galeria horretara. Hamar pertsona sartu ahal izango dira bakarrik eta asteburu honetako bisitetan parte hartzen duten lagunen artean zozkatuko dira hamar txartel horiek.

Aukera gehiago

Arrikrutzen bezala, gainerako kobetan ere ekintza ezberdinak egingo dituzte, eta prezio erdian. Hala, Karrantzako Pozalaguan dolomiten museoa ikusteko aukera ere egongo da; Ekainberrin, margoak egiteko eta etxera eramateko aukera izango dute bisitariek; Mendukilon, Kinada taldearen kontzertua egongo da; Isturitzen, bertatik bertara ikusi ahal izango dira musika egiteko erabil daitezkeen txirula naturalak, munduko bakarrak; Sarako leizean, berriz, euskaldunen jatorriaren eta mitologiaren bila joango dira, Urdazubin arkeologiako tailer esperimental bat egingo dute eta Zugarramurdin rally fotografikoa.

Lurpea.eus atarian datoz bisiten xehetasun guztiak. Asteburu bat Karrantzan zozkatuko da bisiten artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak