Eskolako Bidea proiektua, ikastetxeetara joan-etorriak modu ez motorizatuan egiteko

Amaia Txintxurreta Guridi 2016ko mar. 3a, 16:19

Eskola mugikortasunaren diagnostikoa egin dute eta ondorioztatu dute ikasleen erdia oinez joaten dela eskolara Oñatin. Eskolara Bidea proiektuaren helburuetariko bat da autobusez edo batez ere autoz egiten diren joan-etorriak murriztea.

Hezkuntza Mahaitik sortutako proiektua da Oñatiko Eskolako Bidea. Helburua da ikasleek eskolara egiten dituzten joan-etorriak modu "iraunkor, aktibo, autonomo eta seguruan egitea", Nerea Zubia zinegotziak adierazi duen moduan. Batzuk modu motorizatuan joaten dira eskolara, beste batzuk, berriz, modu ez motorizatuan; eta, hain justu ere, modu ez motorizatua sustatu nahi dute, autoen eta autobusen erabilera murrizteko. Hori oinarri hartuta, "herria oinezkoendako berreskuratzea" gura dela gehitu du Zubiak.

Oñatin Lehen Hezkuntzako ikasleen erdia oinez joaten da eskolara, herena autoz, eta gainontzekoak patinetez, autobusez eta bizikletaz, hurrenez hurren. DBHn eta Batxilergoan oinezkoak gehiago dira; %71, hain justu ere, modu motorizatuan ia %12 joaten dira, eta falta diren beste gehienak bizikletaz. Eskola mugikortasunaren diagnostikotik ateratako ondorioetako batzuk dira horiek. "Ikusi dugu Oñatin ikasleen jasangarritasuna eta autonomia maila altuak direla, eta hori hobesten da", adierazi du diagnosia egiten aritu den teknikariak, Ainhoa Ugaldek.

Hezkuntza Mahaitik sortutako proiektua da Oñatiko Eskolako Bidea eta ikastetxeetako ordezkariak, guraso elkarteetakoak eta udalekoak parte hartzen dute. Denak egon ziren eguazteneko aurkezpenean.

Bagabiltz

Irakasleen izenean Maite Aiastuik hitz egin zuen, eta azaldu ikastetxeetan mugikortasun jasangarria landu dutela ikasleekin eta bertako puntu bat izan dela umeak eskolara oinez joan daitezen sustatzea. Gurasoen aldetik, berriz, Mirari Letek hartu zuen hitza eta adierazi zuen euren seme-alaben segurtasunak eta osasunak arduratzen dituztela eta autoekin izan dezaketen menpekotasuna gainditzea garrantzitsua dela.
Horretarako, eta jasangarritasuna, osasuna eta mugikortasuna kontuan hartuta, Bagabiltz leloa jarri diote proiektu honi. Logotipoa ere badu, eta bi kolore erabili dituzte: berdea, jasangarritasuna adierazteko; eta urdina, osasuna irudikatzeko. Eguazteneko aurkezpenean erakutsi zuten.

Argazkiak

Proiektu honen barruan, umeek eskolarako bidean ikusten dituzten gustuko eta ez hain gustuko egoerak argazkitan jaso gura izan dituzte; gaur, egubakoitza, da argazkiak entregatzeko azken eguna. Jasotakoekin erakusketa zabalduko dute hilaren 14tik 18ra kultura etxean, eta sariak ere egongo dira.
Umeek jasotako iritziekin, herri ereduaz hausnartu gura du Udalak. Proiektua ez da umeengana soilik zuzentzen, baina eurek espazio publikoa, bide-segurtasuna eta hirigintza nola bizi dituzten jakitea garrantzitsua dela iruditzen zaio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak