'A un paso', Nafarroako fusilatuen gaineko dokumentala, Oñatin

Goiatz Arana Begiristain 2016ko ots. 23a, 18:30

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartea 36ko altxamenduan eta haren ondoren Nafarroan gertaturikoak batean eta bestean zabaltzen ari da. Helburu horrekin, A un paso deituriko dokumentala ari dira eskaintzen eta Oñatin bota dute berriki. 70 bat pertsona joan dira ikustera eta positiboki baloratu dute elkartetik.

Orain arte egindako 45 aurkezpenetara 1.500 pertsona inguru joan dira dokumentala ikustera eta ateratako 4.000 aleak agortuta daude. 36ko altxamenduan eta haren ondoren izandako gertakariak eta fusilatuen senitartekoen lekukotza eta sentipenak jasotzen ditu. 

Badaki zerbait horretaz Miguel Angel Moiua oñatiarrak. Bere aitona eta anaia atxilo eraman zituzten 1936ko uztailaren 18an Muesen, eta urte bereko irailaren 9an hil egin zituzten, Oteitzan. Amona alargun geratu zen orduan, sei seme-alabarekin, zaharrenak 11 urte baino ez zituela. Miguel Angel Moiuaren ama zen bigarren zaharrena. Bederatzi urterekin ikasketak utzi eta lanari ekin behar izan zion: Lizarraldean, oinez, arraina saltzen; eta neskame, erregimenaren alde zeuden herriko hainbat familiarentzat, horrek suposatzen zuen umiliazioarekin. Hemezortzi urterekin Oñatira etorri zen, Naparrena tabernara; eta bere anai-arreba guztiek ere utzi egin zuten jaioterria, "ezinezkoa zelako han bizitzea, kontuan izanik bizilagunak izan zirela salatu zituztenak atxilotu zitzaten".

Altxamenduaren sorlekua izan zen Nafarroa eta errepresioa izugarria izan zen bertan, beraz. Beldurra eta isiltasuna ziren nagusi errepublikazaleen artean eta, horregatik, garrantzitsua izan zen eurentzat pixkanaka elkarteen bueltan batzen joatea.

Memoria historikoaren legea

Gaur, Nafarroan, asko aldatu da egoera: memoria historikoaren lege propioa dute eta, horri esker, hezkuntzako testuliburuak errebisatu behar dituzte, nafarrak dauden Europako atxilotze guneetan plakak ipini edota sinbolo frankistak ezabatu; eta gorpuak lurpetik ateratzeko diru-laguntzak ematen ditu gobernuak. Horixe da orain urgentziazkoena, senitartekoen esanetan, "semeak hiltzen ari direlako eta, dolua ixteko, garrantzitsua delako gorpuak entregatzea".

Moiua oñatiarraren hitzetan ere horixe litzateke justizia egiteko edo, gutxienez, eragindako sufrimendua apur bat saneatzeko modua. Ildo horretatik dio inflexio puntu bat bizi dutela, gauzak hobetzen ari direla, baina aldaketa eman behar dela senitartekoengan eurengan ere, "Nafarroan, UPNkoak tiro egin zutenak moduan ikusteari utziz, adibidez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak