Brahms-en Requiem-a da Oñatiko Ganbara Abesbatzaren hurrengo proiektu handia. Ganbararendako berezia izango da, proiektu sinfoniko bat delako; normalean Ganbarak egin ohi izan duen errepertorioa, nahiz eta hainbat estilotakoa izan, ez da errepertorio sinfonikoa izan, eta oraingoan, instrumentazioa eramango du.
50 lagun
Bi bertsio daude; bata, orkestra handiarekin egitekoa, eta bestea, oñatiarrek egingo dutena, ganbera abesbatza batendako modukoa eta pianoa lau eskutara jotzen dena. Piano-joleak izango dira: Eli Mendiaraz eta Arantzazu Saiz. Eta bi bakarlari izango dira: baritono bezala, Ander Simal izango da, bere garaian Ganbarako kide izandakoa, orain piano-jotzailea dena; eta Klara Mendizabal sopranoa izango da beste bakarlaria, orain dela bi urte egin zuten Carmina Buranan ere bakarlari papera izan zuena.
Oñatiko Ganbara Abesbatzak gainera, Arrasateko Goikobalu abesbatzako hainbat abeslari ere izango ditu lagun agertokian, baita Donostia aldetik etorriko diren beste batzuk ere eta Ganbarako beste kide ohi batzuk ere izango dira. Guztira 50 lagunek hartuko dute parte.
Bailaran, lehen aldiz
Debagoienean inoiz abestu gabeko Requiem-a entzun ahal izango da martxoaren 20an Oñatin Ganbararen eskutik, eta abesbatzarendako erronka handia izango da.
Brahms-en obra ezagunenetakoa da Ganbarak egingo duena. Requiem ateoa ere deitzen zaio obrari, Jainkoa ez delako aipatzen behin ere ez.
Sarrerak salgai
Eta dagoeneko sarrerak salgai daude Txokolateixan eta www.ganbara.sacatuentrada.es webgunean. Oñatiko emanaldia, Mikel Goiangeruaren Parrokian eskainiko dute martxoaren 20an 19:00etan.