Oñatiko Udaleko ingurumen sailak emandako beka bati esker, herriko anfibio eta narrastien inguruko lana egiten ari dira Aranzadiko bi gazte, eta, hala, animalia horien inguruko ekitaldiak dira antolatu dituztenetako batzuk. "Erakusketa bat egongo da kultura etxean, anfibioen ingurukoa, eta asmoa da herriko ikastetxeekin bisita gidatuak egitea. Bestalde, Aurreko mendira, Sarramendi inguruan dauden putzu batzuetara irteera egingo dugu, anfibioen arrautzak eta larbak ikusteko eta bereizteko. Narrastien gaineko irteera aurrerago egingo dugu, beroa behar dute-eta haiek", adierazi du Natura Eskolako Imanol Biainek. Irteera horietan Jon Garin izango dute lagun, ikerketa egiten ari den gazteetako bat. "Anfibio gehienak udaberrian ugaltzen diren arren, espezie batzuek aurreratu eta neguan jada erruteak ezartzen dituzte, baso igel gorriak kasu. Espezie honen banaketa-area mugatzearekin batera, txantxiku arruntaren zapaburu hibernatuak topatzen ari gara", adierazi du Garinek.
Oilagorrak
Ehiztarien artean hain preziatua den oilagorrari buruzko hitzaldi bat ere izango da. "Hegazti horien migrazioaren datuak ezagutuko ditugu, satelite bidez egin zaien jarraipenaren emaitza, alegia. Badakigu, adibidez, Siberiaraino joaten direla umatzera eta hurrengo urtean berriz toki berera bueltatzen direla negua pasatzera", dio Biainek.
Parisen egindako klima aldaketaren inguruko goi mailako bilerak utzitako ondorioei buruz ere jardungo dute, eta baita azaleramendu geologikoaren gainean ere. Kultura etxean izango dira hitzaldi guztiak. Bestalde, urtero egin ohi diren bi zuhaitz landaketak eta azoka ere egingo dira aurten.
Anfibioak eta narrastiak ikusteko irteeraz gain, Gesaltza Añanara joateko bidaia ere antolatu dute. Joan gura duenak izena eman behar du aurretik, autobusa zenbat lagundako hartu jakiteko. Izena Natura Eskolara deituta egin daiteke. Telefono zenbakia, hauxe: 943 71 64 04.
Egitarau osoa agendan duzue.