Gasteizko hilketari erantzun zabala Debagoienean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko urt. 29a, 12:15

Gasteizko 17 hilabeteko neskatoaren hilketa dela-eta elkarretaratzeak egin zituzten atzo Arrasaten, Bergaran, Oñatin eta Aretxabaletan. Lau herri horietako Herriko Plazetan herritar asko elkartu ziren indarkeria matxistaren "irudi lazgarriena" salatzeko. 

Gasteizko 17 hilabeteko neskatoaren hilketak erantzun zabala izan du Debagoienean ere. Ustezko egileari neskatoa leihotik bota eta sexu gehiegikeriak egozten dizkiote eta baita umearen amaren aurkako sexu erasoa ere. Bada, gertaera horiek salatzeko bailarako lau herritan egin ziren elkarretaratzeak atzo.

Arrasatekoa Emakumeen Mundu Martxa Taldeak deitu zuen eta gisa horretako ekitaldietan egon ohi dena baino jende gehiago batu zen. Herritarrez gain, Udaleko talde ezberdinetako ordezkariak elkartu ziren, EH Bildukoak eta Baleikekoak tartean.

Bergaran ere jende askotxo elkartu zen Martxanterek antolatutako elkarretaratzean eta Aretxabaletako Udalak ere agerraldia antolatu zuen biolentzia matxistaren aurka "antolatzera" deituta.

Amaitzeko, Oñatik sare feministak antolatuta, udaletxeko arkupeetan egin zuten elkarretaratzea. Herritarrekin batera, Mikel Biain alkatea eta EH Bilduko zein EAJko zinegotziek bat egin zuten aldarrikapenarekin. 

Miren Elgarresta: "Indarkeria matxistaren irudi lazgarriena da"

Eta agerraldira heltzerik izan ez bazuen ere, Diputazioko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako organoko zuzendari Miren Elgarrestak sutsuki salatu zuen Gasteizko gertaera, indarkeria matxistaren irudirik lazgarriena dela adieraziz.

Elgarrestak dioenez, indarkeria kasuak udaletxeetara, Ertzaintzara edo Osakidetzara heltzen direnean asistentzia emateko zerbitzuak badaude, urgentziazko egoera horiei aurre egiteko. Baina badago esparru bat, Elgarrestak uste duenez, oraindik ere behar den moduan landu ez dena, prebentzioarena. Baina zeintzuk dira aurretik egin beharreko lan horretan lagundu dezaketenak?

Honakoa dio Elgarrestak: "Familia eta hezkuntza. Datozen belaunaldi berrietan, heziketa mailan, estereotipoak ez markatzea lortu behar dugu. Nahi gabe, gure kulturatik-eta etengabe errepikatu egiten ditugu estereotipoak: emakumeentzako aukera hau eta gizonezkoentzat bestea. Gauza horiek nolabait bideratu egin behar dira". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak