Euskaraz bizi dira Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko abe. 17a, 12:35
Euskararen Egunaren harira jarritako pankarta udaletxean

Aurten ere herriko hiru ikastetxeek eta Udalak elkarrekin antolatu dute Euskararen Eguna. Jolasak, kantuak,  antzerkia, eta afari-tertulia izan dituzte, besteak beste. Azken bi ekitaldi horietako kronikak bidali dituzte GOIENAra, Elkar Hezi eta Txantxiku Ikastolako ikasleek.

Zergatik Jamil?

2015eko abenduaren 3an, Euskararen egunean, Elkar Heziko DBH 4.mailako ikasle kazetariek Zergatik Jamil? antzezlaneko bi protagonistekin, Eneko Sagardoy eta Mikel Martinezekin elkarrizketa bat egiteko aukera izan zuten. Bizkaitarrek, "lehenengo aldia da biok batera lan egiten duguna Eneko oso gaztea delako, baina espero dugu beste askotan lan elkarrekin egin ahal izatea" adierazi zuten.



Zergatik Jamil? antzezlana ikustera, Oñatiko hiru ikastetxeetako batxilergoko ikasleak joan ziren. Gure hiru elkarrizketatzaileek ea antzezlana adin horretako pertsonei bakarrik zuzenduta al zegoen galdetu diete, "Antzezlan hau helduentzako da, eta helduak batxilergoko ikasleez gain, DBHkoak izan daitezke" erantzuna jasoz.



Antzezlanak, "Jamilen istorioa kontatzen du. Jamil, gazte magrebiar bat da. Bere burua zelda baten aurkitzen du, memoria barik eta urte batzuetan zaintzen egon den gizona, tiro batekin hil duela esaten diote. Horren harira, ea hil duen eta hil egin badu, nola hil duen saiatu beharko dira deskubritzen".

Emanaldi honen ondoren, Eneko eta Mikelek solasaldi bat eskaini zieten Batxilergoko ikasleei. Bertan ikasleek aktoreen inguruko galderak egiten zieten euskararen eta antzerkiaren arteko loturaren inguruan. Bertan Mikelek aitortu zuen euskaldun berrientzat egina zegoela antzerkia. Eta beraien bizitzaren inguruko datuak ematen aritu ziren, etorkizunerako planak etab.

(Kronikaren egileak eta argazkiak: Imanol Diaz eta Julen Murua. Elkar Hezi)

Euskararen aurrerabidean dena ez da motibazioa eta borondatea

Abenduaren 3an, Euskararen Egunari amaiera emateko afari tertulian izan ginen. Gure hizkuntzaren nazioarteko eguna aitzakiatzat hartuta, 22 pertsona elkartu ginen, horien artean EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailean irakasle den Pello Jauregi. Bere jardunean hizkuntza ohituren aldaketa prozesuak izan ditu aztergai eta langai nagusiak.

Bertan, euskararen egoeraz hausnarketa sakona egiteko aukera izan genuen. Hasieran, Pellok, bere iritzi eta ikuspuntuak azaldu zizkigun eta esaldi esanguratsu batek zur eta lur utzi gintuen: "Euskaraz hitz egiteko, lehenik eta behin praktika behar da, eta motibazioa, ondoren etorriko da".

Bestalde, gazteek, gaur egun, normaltzat jotzen dute euskaraz ikastea, eta ondorioz, ez dute uste egoera arriskutsu baten aurrean daudenik. Hori dela eta, nahiz eta gaitasuna eduki, askotan gaztelerara jotzen dute.



Horrez gain, Jauregik, gizakiok egokitzeko joera naturala dugula azaldu zuen, eta hori euskararen aldekoa ere izan daitekeela. Euskaraz egiteko zailtasunak dituen pertsona, azken finean, behartua sentitzen bada euskaraz egitera, egin beharko ezta?

Horretaz gain, euskaraz bizi nahi dugunok babes-mintzak sortu behar ditugu. Euskaldunak garela sinesten dugu, gaitasunak ditugu eta portaera ezin hobea. Baina inguruak ez badigu laguntzen, hau da, babesik ez badugu, benetan zaila izango da gure hizkuntzari eustea.

Amaitzeko, aditzera eman nahi dugu, benetan tertulia aberatsa izan zela. Iritzi desberdinak plazaratu ziren, eta horrek, etorkizunera begira zer nahi dugun hausnartzeko aukera paregabea eskaini zigun. Izan ere, euskara da euskaldun egiten gaituena.

(Kronikaren egileak eta argazkiak: Dayi Espinoza, Helene Illarramendi eta Maialen Lazkanoiturburu. Txantxiku Ikastola)

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak