Urzuloko zirrikituekin gozatzeko filma

Mirari Altube Arrese 2015ko aza. 13a, 11:06

Iñigo Ezkibel, Urzulon.

Bilboko mendi film jaialdiko lehiaketarako hautatua izan da Aloña Mendiko espeleologia taldeko kideek, AMET, Urzuloren gainean egindako dokumentala. Abenduan emango dute han, baina estreinaldia gaur, egubakoitza, da, 19:00etan, Oñatiko kultura etxean. 

Urez betetako kobazuloa da Urzulo. Berezia, Aloña Mendiko espeleologoendako. Aloña mendizerraren iparraldean dago. tontorraren azpialdean. Eta hango zirrikituak erakutsiko dituzte orain: "Barruko irudiak oso politak dira; izan ere, ez gaude ohituta halakoak ikustera", dio Xanti Ugarte Mugartza oñatiarrak, filmaren egileak. 

Aspaldi hasi ziren hura aztertzen eta makinatxo bat sartu-irten egin dituzte han AMETeko kideek: "Baina urak hartutako galeria batekin topo egin zuten eta ezin aurrera egin geratu ziren. Handik ez zegoen pasatzerik", dio Ugartek. Orain dela lau urte Laurent Richard frantsesarekin egin zuten topo, espeleologoa eta urpekaria: "Filmean hain zuzen hori kontatzen da, dena hasi zela Laurent iritsi zenean. Izan ere, hogei urtetan ezin pasatu zeuden pasu hori gainditzea lortu zuen hark. Eta horren ondorioz aurrera egin ahal izan da, ia zazpi kilometroraino". 

Kobazuloan barruan gauak 

Urzulo barruan denbora geratu egiten da, metroek orduak eskatzen dituzte, eta puntaraino iristea kosta: "Gero eta luzeagoa izan koba, oraindik eta konplikatuagoa da azterketa. Barruan lo egin izan dute espeleologoek, baita aste bukaera barruan pasatu ere lanean jarraitu ahal izateko", argitu du Ugartek. Eta horixe erakutsi gura izan dute 35 minututan, esploratzeko dauden zailtasunak. 

Urzulo, gainera, iturburu bat da, eta Aloña azpian dagoen depositua betetzen du. "Euria egiten duenean iturburuko mailak gora egiten du eta gerta daiteke sarrera itxita egotea. Eta argi ibili; barruan egonda euria eginez gero sarrera itxi daitekeelako", dio. 

Zirrikitu asko ditu Urzulok eta oraindik beste makinatxo bat aurkitzeko, bukaerarik ez diotelako topatu. Horren bila jarraitzen duten bitartean naturak sortutako altxorra erakutsiko diete sekula barrura sartuko ez diren horiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak