Aurkezpenean liburuaren zein antzezlanaren proiektuaren sorrera eta garapena azaldu zituen Irizarrek, eta Anduagak Iparragirreren lau kantu abestu zituen gitarraren laguntzaz.
Jose Maria Iparragirre bertsolari urretxuarraren bizitza kontatzen du istorioak, atzerrian izan zeneko garaia eta Oñati herriarekin izandako loturan sakonduz bereziki. Besteak beste, Oñatiko San Migel jaietan izaten ziren pilota partiduak aipatzen dira lanean, urretxuarrak kirol horrekiko zuen zaletasuna erakutsiz.
Liburuaren atalak
Hiru zati nagusi ditu Iparragirre Oñatin liburuak. Lehendabizi, obrari buruzko azalpenak batzen dira bertan, baita berau aurrera eramateko prozesu guztiari buruzkoak ere. Horren ostean, antzerkiaren testua dator, oso-osorik. Eta, bukatzeko, Iparragirrek idatzitako hamalau kanturen partiturak. "Antzezlanarekin jendea pozik geratu zen, eta espero liburua ere gustatzea" adierazi du idazle oñatiarrak.
Inazio Irizarren hemezortzigarren liburua da honakoa. Aurrez ere publikatu ditu herrigintzari lotutako beste hainbat; hala nola, Oñatiko historia eta arte bilduma (1987), Oñatiko Korpus eguna (1987) edota Anexiñua oñatiarrez (2002). Azkenengoz Olaitturriren herri antzerkia publikatu zuen Jerardo Elortzarekin batera, 2010. urtean hain zuzen.
Talde lanean egina
Irizar autoreak nabarmendu du kaleratu berri duen liburu hori ez dela bakarkako lana izan, eta aurkezpenean eskerrak eman zizkien liburuan zein antzezlanean parte hartu duten guztiei: "Olaitturrin beti koadrila handia ibiltzen gara", dio.
Oraingo honetan, gainera, elkarteko kide diren aktoreez gain, herriko hainbat abeslarik ere parte hartu dute proiektuan. Besteak beste, Azpiazu Musika Eskolakoek, Oñati Abesbatzekoek, Parrokiako Korukoek, Ganbara Abesbatzekoek eta Bertso Eskolakoek lagundu diete Olaitturrikoei antzezlanarekin.
Antzerkia abenduan
2014ko San Migel jaietan antzezlana lehen aldiz taularatu zutenean, bi pase egin zituzten, eta guztira 550 ikusle bildu ziren Santa Ana aretoan.
Estreinaldi hartan obrak harrera ona izan zuen herritarren partetik, Iñazio Irizarrek azaldu duenez: "Sarrerak bi egunetan agortu ziren, eta lekurik lortu ez zuen jende asko penaz geratu zen". Hori dela eta, abenduaren 5ean, zapatua, emanaldia berriro ere egitea erabaki dute Olaitturri elkartetik. "Aurten San Migeletan jai hartu dugu, pixka bat deskantsatzeko", azaldu du Irizarrek.
Abenduaren 5eko antzerki horretarako sarrerak Txokolateixan daude salgai. Bost euroren truke, antzezlanerako sarrera eta liburua eskuratzeko aukera egongo da bertan.