Oñatiko Udalak prestutasuna agertu du Siriako eta beste herrialde batzuetako gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko. Mikel Biain alkateak esan du errefuxiatuena ez dela fenomeno berri bat, lehendik ere herrian badaudelako hainbat herritatik etorri izan direnak, baina oraingo honetan egoera "gordinagoa" egin zaigula guztioi eta segituan iritsi zitzaizkiela elkartasun keinuak.
Laguntzeko bi aukera aztertu dituzte
Erakunde publikoek dagokien lana egin behar dutela azpimarratu du Biainek, eta alde horretatik, azterketa bat egin zuten ikusteko zein baliabide posible erabili ahal izango lituzketen emergentzia egoera horri erantzuteko eta bi aukera aztertu dituzte. Batetik, baliabide ekonomikoak jartzeko konpromisoa adierazi du Oñatiko Udalak. Asmoa da diru poltsa bat jartzea eta hori oinarrizko beharretara bideratzea. Tartean, adibidez, herrian hutsik dauden etxeetan errefuxiatuak hartzen dituztenei, errenta ordainduko liekete, alokairu sozial kontzeptuan. Bestalde, baliabide materialei dagokienez, nahiz eta Udalaren jabetzakoa ez izan, Jaurlaritzaren jabetzakoa den eraikin huts bat dago herrian, Larraña auzoan, lehengo barnetegia izan zena, hain justu, eta hori erabiltzeko aukeraren berri eman dio Udalak Jaurlaritzari.
Laguntzeko prest dauden herritarrak
Hainbat herritarrek ere laguntzeko prestutasuna erakutsi dutela gaineratu du Biainek, eta nahiz eta oraindik zehazteke duten nolako laguntza izango den, laguntzeko prest leudeken herritarren sare bat eraikitzeko bitartekari lana egiteko konpromisoa ere hartu du Udalak. Eurekin harremanetan jartzeko hainbat bide jarri dituzte: partaidetza@onati.eus, 943 78 04 11 edo Udaleko harrera gunera zuzenduta.
Gipuzkoan 140 plaza eskaintzeko moduan
Diputazioko Lankidetza Zuzendaritzak jakinarazi du baita ere Gipuzkoan 40 partikularrek eskaini dutela aterpea eta, oraingoz, 140 plaza eskaintzeko moduan direla. Aretxabaletatik eta Bergaratik eskaintzak egon dira eta, gainera, Arrasaten Aita Menni fundazioak erakundeen esku lagako du hamar bat pertsonentzako txalet bat.