ULMA Taldeak 314 milioi euroko akordioa lortu du, hazkunde estrategikorako

Goiatz Arana Begiristain 2015ko uzt. 21a, 17:38

Zortzi erakunde finantzarioren babesarekin egin du eragiketa eta bere negozioen lehiakortasuna indartzen lagunduko dio. Lortutako akordioaren bidez, inbertsio berriei aurre egin ahal izango die eta nazioarteko estrategia bultzatu. 2015ean, %8 haztea aurreikusten du.

ULMA Taldeak 314 milioi euroko akordioa lortu du datozen urteetarako eta, akordio horrekin, indar finantzarioa eskuratu eta bere Plan Estrategikoari beste bultzada bat eman ahal izango dio. Hau da, inbertsio berriei eta proiektu berriei ekin ahal izango die, eta nazioarteko hedapena sendotu.

Akordio horrek bi zati ditu: batetik, 150 milioi euroko mailegu bat, sei urterako; eta, bestetik, zirkulatzailea finantzatzeko lerro batzuk, 164 milioi euroren balioa dutenak, bi  urterako. Guztira, 314 milioi euro dira eta ULMA Taldearen apustu estrategikoa bultzatzeko eta etorkizuneko hedapenerako erabiliko dira. Eragiketa "izugarrizko laguntza" da talde kooperatiboarentzat.

Santander, BBVA, Popular, Sabadell, Caixabank, Laboral Kutxa, Bankinter eta Caja Rural de Navarrarekin lortu du akordioa eta N+1 entitatearen aholkularitza izan du horretarako. Duela gutxi itxi dute eragiketa.

Erantzuten jakin

ULMAko iturrien arabera, taldeak kudeaketa "bikaina" egin du eta akordioak saritu egin du hori: "Nazioarteko krisiak –zeinak eraikuntzaren sektorea bereziki gogor jo duen Espainian– ekarritako garai aztoratuari erantzuten jakin izan dugu. ULMAk krisiaren aurreko negozio mailak berreskuratu ditu, eta horrekin batera asko gutxitu du bere zorra: Zor Finantzario Garbia/EBITDA ratioa,  2014/12/31n, 1,58 baino txikiagoa zen".

Egungo koiunturaz baliatuz, 2017an mugaeguna zuen mailegu bateko 91 milioi euro kitatu ditu taldeak. Horrekin bere baldintza ekonomikoak asko hobetu dira eta, horri esker, finantza gastuetan asko aurreztuko du datozen urteetan.   

Konpromisoa eta inplikazioa

"ULMA Taldea osatzen duten guztien konpromisoa eta inplikazioa funtsezkoak izan dira egungo posizio ona finkatzeko. Azken urteetan egindako lan zorrotz eta zehatzaren eta ahaleginen emaitza da eragiketa, eta posizio onean kokatzen gaitu proiektu berriei ekin, jarduera berriak garatu eta hazkuntza sendo eta iraunkorrari eusteko", ziurtatu du ULMA Taldeko Zuzendari Nagusi Iñaki Gabilondok.   

Aurreikuspenak

2015ean salmenta bateratuak 719 milioi eurora arte handitzea aurreikusten dute (%8ko hazkundea, aurreko urtearekin alderatuta), eta diru horretatik 565 milioi, hau da, guztirako salmenten %80 nazioarteko merkatuetatik etortzea espero dute.

666 milioi euroko salmentak iaz

ULMA Taldea industria talde kooperatibo handienetako bat da, 4.350 langile inguru ditu eta bere jarduera zortzi negozio unitateren inguruan garatzen du: ULMA Agricola, ULMA Architectural Solutions, ULMA Carretillas Elevadoras, ULMA Construction, ULMA Conveyor Components, ULMA Handling Systems, ULMA Packaging eta ULMA Piping.

Produktu eta zerbitzuen 666 milioi euroko salmenta bateratuekin itxi zuen 2014a; horietatik 513 milioi (salmenten %77) nazioarteko merkatuetan saldutakoari dagozkio.  Taldearen salmentak helmuga geografikoen arabera dibertsifikatuta daude: %53 Europatik datoz; %19, Latinoamerikatik; %15, Ipar Amerikatik; eta gainerakoa, Afrikatik eta Ozeaniatik. 61 filial ditu, munduan zehar banatuta.

Taldeak "bokazio sozial handia" duela ere azpimarratu dute arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak