Oñatin 24 lokal inguru erabiltzen dituzte gazteek aisialdirako. Ez da aparteko arazorik sortu horietan Udal ordezkarien esanetan, baina arazoak iritsi aurretik gaiari heltzea erabaki dute. Abendu inguruan hasi ziren kontua lantzen Aztiker ikerguneko kideen laguntzarekin, eta hainbat bilera egin dituzte gazteekin, lokalen jabeekin, bizilagunekin eta gurasoekin. Hausnarketa prozesu horrek hainbat ondorio eman ditu eta horiekin ordenantza egingo dute batetik, eta gomendio-gida, bestetik.
Gomendio-gida zehazteko kontuan hartu dute lokalak gazteen aisialdirako gune autogestionatuak eta pribatuak direla. Eta hausnarketa prozesuan agertutako bi kezkei erantzuten saiatu dira. Kezka horiek dira: lokalen segurtasuna eta duintasuna. Horretarako hainbat atal zehaztu dituzte, garbitasuna, esaterako.
Bizilagunekin eta gainerako herritarrekin elkarbizitza ziurtatzeko ere hainbat aholku jaso dituzte.
Bileretan ondorioztatu dute zarata dela kexa gehien sortzen dituen kontua. Hortaz, legeak dioena errespetatu beharko da eta bi ordutegi zehaztu dituzte horretarako egunekoa bata, eta gauekoa, bestea.
Ordenantza irailerako gertu
Ordenantzaren zirriborroa ere egin dute. Hor jaso dituzte lokalen ezaugarriak eta baldintzak zeintzuk izan behar diren, horien artean daude: metro karratuko edukiera, suteen aurkako neurriak, eta baldintza higienikoak eta sanitarioak. Bizikidetza mahai bat osatu beharko dela ere zehaztu dute, arazoen aurrean bitartekaritza lanak egiteko. Ordenantza hori irailean aurkeztuko dute osoko bilkuran.
Lokalen erregistroarekin identifikatuta izango dituzte herriko lokalak, bai beteta daudenak, baita hutsik daudenak ere. Hala, lokal hutsen poltsa osatuko lukete lokal bila dabiltzan gazteendako.