Adarra Saria emanaldi berezian, musika ibilbide oparoa aitortzeko

Eneko Azkarate 2015ko eka. 22a, 11:27

Adarra Saria jaso du emanaldi berezian Ruper Ordorika oñatiarrak. Donostiako Udalak iaz sortu zuen saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati omen egiteko. Iaz Mikel Laboaren lana aitortu nahi izan zuten. Aurten, Ordorikak jaso du. Eneko Goia Donostiako alkateak eman zion Victoria Eugenia antzokian. "Etxekoei eta amari" eskaini die saria Ruper Ordorikak.

Jose Antonio Etxenikek, Agurtzane Aizpuruk eta Jon Eskisabelek osatzen dute Adarra Sariaren batzordea.

Saria, Marijose Rekalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da (garaikur baten tamainakoa). Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio.

Emanaldi berezia

Victoria Eugeniako bart iluntzeko emanaldia berezia izan zen. 80ko hamarkadatik gaur egunera arte, Hautsi da anphora hauskor, berritzaile eta eder hartatik Haizea garizumakoa edota Lurrean etzanda azken bikainetara bitarte, aro eta disko ezberdineko kantuak errepasatu zituen. Beti bezala, goi mailako musikariz lagunduta. Kontzertuko lehen abestietan Leo Abrahamsen gitarraren laguntzarekin.

Berandu dabiltza kantuarekin, Ni ez naiz Noruegako errege bigarren diskoko ikonoetako batekin eman zion amaiera emanaldiari.

Hauxe da Adarra Sariaren batzordeak baloratu duena, Ruper Ordorika saritzeko:

"Ruper Ordorikak bere estiloaren berezko modernotasunari eta proposamen musikalari ibilbide luze eta emankorra gehitzen dizkio. Ibilbide horretan, Ordorikak, Euskal Herriko abangoardiako artistekin ez ezik, beste jatorri eta tradizio batzuetako lehen mailako artistekin ere grabatu eta partekatu ditu proiektuak. Ohikoa da Ordorikak jazzeko eta rock garaikideko artista amerikarrekin elkarlanak egitea eta diskoak ekoiztea. Era berean, Ruper Ordorikak euskal kantutegiaren zati garrantzitsu bat berreskuratu eta eguneratu du, bai bere izenean eta bai kolektiboki partaide izan den proiektuen bitartez.

Artista ezaguna eta errespetatua da bere abesteko estilo propioagatik, izan duen ibilbidearen seriotasunagatik, bere jarrera artistikoaren modernotasun berezkoagatik eta konpositore gisa egin duen lanaren sakontasunagatik.

Horregatik guztiagatik, bikain betetzen ditu Adarra Sariaren eskakizunak:

  • Euskal folkloreko pieza tradizionalak berreskuratzea eta eguneratzea, arlo horretan egin duen lanagatik.
  • Bere jatorrizko piezak herri kantutegira gehitzea, musikagile gisa egin duen lan handiagatik.
  • Euskal Musikako beste interprete batzuengan eragina izan duen estiloa sortzea, bere estilo pertsonalagatik eta ahots nahastezinagatik.
  • Beste musika estilo batzuekiko lankidetza eta egiteko moduak irekitzea, munduan ospetsu diren musikari eta instrumentistekin egindako hainbat lanetan jasota dagoen bezala.
  • Artista-belaunaldi berriei laguntzea eta belaunaldien arteko lan-ildoak irekitzea, bere ibilbidearen modernotasun ukaezin eta ezaugarriagatik eta bere taldeetara gehitu dituen musikari gazte eta ugariengatik.
  • Bere lana Euskal Herritik kanpora zabaltzea. Eta, horren ondorioz, Euskal Musika jendarteratzea".

Biografia

Ruper Ordorika (Oñati, 1956)

Musika zalea betidanik, hamabi urterekin Gasteizera joan zen bizi izatera. Giro ilun eta jarrera sortzaileren aurkako garai hartan iragan zen rock anglosaxoian zituen idoloei jarraitzetik kantuak euskaraz idaztera eta euskal kantutegi zaharra ikastera. 


Ruper Ordorika ezaguna zen Bilboko euskal kultura zirkuluetan 1980an Hautsi da anphora, bere lehen diskoa, grabatu zuenerako. Gasteizen ikasle denboretan eta, gero, Bilboko Unibertsitatean aritua zen hainbat antolamendu eta ekintzetan. Pott Bandaren sorrera aipatu behar da haien artean, gerora kantariaren ibilbidean edukiko zuen garrantziarengatik. Bertan elkartuko zen aurrerantzean hain harreman emankorra edukiko zuten adiskideekin: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde.

Diskografia

Honako hauek dira Ordorikaren diskoak: 



  • Hautsi da anphora (Xoxoa, 1980) izan zen argitaratu zuen lehen lana, "Kantagintza politikoaren" boomaren ostean. Berregituraketa garaiak ziren, sasoi apalak euskal musikan. Diskoak kritikaren aipu gorenak jaso zituen, euskal kantuaren munduan eszentrikoa gertatu zen arren. Bernardo Atxagaren testuekin osatutako lehen disko hau, idazlea eta kantaria Bilbon bizi zirenekoa da eta poetika baten lekuko.
  • Ni ez naiz Noruegako errege (Elkar 1983) etorri zen. Talde egitura finkoago batekin, aurrekoaren giro akustiko elektrikoan sakondu egiten du. Ordorikaren  lehen kantu-hitzak bertan agertzen dira, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Joxemari Iturralderen testuekin batera.


  • Bihotzerreak (Elkar, 1985).
  • Henry Bengoa Inventarium + Bernardo Atxaga (Elkar, 1988).
  • Ez da posible (Gasa-Wea, 1990).
  • Bilduma bat (Elkar, 1992)
  • Ruper Ordorika & Mugalaris (Emak Bakia, 1992)
  • Hiru Truku. Mendebaldeko euskal baladak (Nuevos Medios, 1994)
  • So'Ik'so (Nuevos Medios, 1995)
  • Hiru Truku II. Mendebaleko euskal kantuak (Nuevos Medios, 1997).
  • Dabilen Harria (Nuevos Medios, 1998)
  • Gaur, zuzenean (Esan Ozenki, 2000).
  • Hurrengo goizean (Metak, 2001).
  • Ruper Ordorika, bilduma (Nuevos Medios, 2002)
  • Kantuok jartzen ditut (Metak, 2003).
  • Hiru Truku. Nafarroako kantu zaharrak (Metak, 2003).
  • Memoriaren mapan (Elkar, 2006).
  • Hamar t'erdietan, zuzenean (Elkar, 2008-CD-DVD).
  • Haizea garizumakoa (2010).
  • Hodeien azpian (Elkar, 2011).
  • Azukre koxkorrak (beste batzuen abestien moldaketa diskoa, Elkar 2013).
  • Lurrean etzanda (Elkar, 2014).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak