Ezagutzen duzu udaletako barne funtzionamendua.
Bai. 20 urtez zinegotzi izan naiz Irungo Udalean. Gobernu-batzordeko kide izateaz eta batzorde informatzaile guztietan parte hartzeaz gain, gainera, Kultura, Euskara, Hezkuntza edota Gazteria sailak kudeatzea egokitu zait, baita berriki sortutako Baloreen saila ere, bakea eta berradiskidetzearen gaiak jorratzeko, besteak beste.
Irundik Oñatira. Zer dela eta?
Alderdiak eskaini didan erronka berri bat da eta onartu egin dut: batetik, badudalako udal-esperientzia; eta bestetik, PSE-EEren ordezkaritza bat berriz Udalean ikusi gura duten boto-emaileak badaudelako Oñatin, kudeaketara haize berriak ekarriko dituena, herriko errealitatea aintzat hartuta. Gainera, Kultura zinegotzi izan naizela kontuan izanik, Oñatik badu, nire ustez, ondare historiko eta artistiko miresgarria.
Etxekoek ulertu dute erabakia?
Aldaketa guztiek eragiten dute bertigoa eta ezjakintasuna, baina oso ondo ulertu dute, konpromiso politikoa eta zerbitzu publikoarekiko ikuspegia konpartitzen ditugu-eta.
Aurten, lehen aldiz, hautagai guztiak antzerako baldintzetan aurkeztu ahal izango zarete.
Guztiok pozten gaituen egoera ezberdin bat da. Pasa dira terrorismoak ia egunero erailtzen zuen urteak, baita zinegotzi, kazetari, enpresari edota epaile izateagatik eskolta eraman behar izateko urteak ere. Baina ezin ahaztu puntu beltz bat badagoela: ETAk existitzen jarraitzen du, berradiskidetze lana egiteke dago oraindik eta falta da, baita ere, gure herrian gertatu denaren gaineko kontakizun erreal eta egiazkoa egitea, biktimen memoria oso presente edukiz beti.
Zer uste duzu eskaini diezaiokezula Oñatiko herriari?
PSE-EEk bere programan jasotzen dituen proposamenez gain, esperientzia zabala kudeaketan, akordioetarako jarrera, oñatiarren beharrak entzuteko konpromisoa eta lana, etorkizun hurbilean PSE-EEk udalean izango duen ordezkaritza herri bertakoa izan dadin.
Hartuko duzun lehen neurria atez atekoa kentzea izango dela esan duzu. Martxan dago, ordea...
Oñatiarren gehiengoaren kontsentsuarekin kontatzen ez duelako eta modu inposatzaile eta azkar batean ezarri izanagatik, arazo gehiago eragin ditu konpondu dituenak baino. Konposta egiteak, gero zabortegi batera eramateko, herritarren poltsikoek jasan ezin duten kostua dakar. Oñatin eta Gipuzkoan hondakinen kudeaketa behin betiko konponduko duen akordio zabal batetara itzultzera behartuta gaude, ingurumena errespetatuz eta kudeaketa eraginkorrago baten bidez.
Azken agintaldian, PSE-EEk ez du ordezkaritzarik izan Oñatiko Udalean. Uste duzu lortuko duzuela maiatzaren 24an?
Ziur nago baietz. Lehenagoko agintaldietan Oñatik izan du ordezkaritza sozialista eta lan egingo dugu berriz ere horrela izan dadin, herritarrei esanez euren behar, kezka eta ideiak Udalari helarazteko bide bat dutela gugan.
Nola konbentzituko dituzu botoa zuei emateko?
Konbentzitzeaz baino gehiago konpartitzeaz hitz egitea gustatzen zait, ilusio eta udal eta gizarte eredu bera konpartitzeaz: herritarren eskaerak entzungo dituena, gehiengoa inposatuko ez duena, gizartea askotarikoa eta osagarria dela ahaztuko ez duena...
Aholkuak ematea edo jasotzea. Zer nahiago?
Galdera hau poliedriko samarra da... Uste dut gauza biak erabat bateragarriak direla. 20 urtetan institutu batean irakasle moduan izandako esperientziarekin eta zinegotzi lanarekin, aholkuak ematea esperientzia oso aberasgarria da, baina, aldi berean, aholkatua izateak esan nahi du: konpartitzea, talde lana kolaboratzaileekin, entzutea, elkarrizketa...
Eta kritikak, zer moduz? Nola eramaten dituzu?
Honetan, gogoratzen naiz Anthony De Mellok El canto del pájaro liburuan kontatzen zuen historia zahar batez: "Kokondo baten goiko aldetik, tximino batek koko bat bota zuen sufi baten buru gainera. Gizonak jaso, zuku gozoa edan, mamia jan eta katilu bat egin zuen azalarekin. Eskerrik asko ni kritikatzeagatik"... Irakaspen horrekin gustatzen zait definitzea nire burua.
Aisi denboran, zer da gehien gustatzen zaizuna egitea?
Irakurketa, musika, natura... klasikoak. Eta hausnartzea, entzutea, kontenplatzea... sekulako oparia arimarentzat.
Eta horretarako konpainiarik onena?
Familia eta lagunak.
Informatuta egotea gustatzen zaizu?
Noski. Ezin dugu bizi inguratzen gaituen gizartetik aldenduta. Gertatzen denaren jakitun izan behar gara.
Eguneko zein ordutan egin ohi duzu?
Gustatzen zait goizean goiz tartetxo bat erreserbatzea horretarako, egunkariak lasaitasunez errepasatu eta irratia entzuteko. Gaur egun, gainera, sare sozialen bitartez, ia minutura dakizu zer ari den gertatzen.
Prentsa, irratia, telebista ala Internet?
Guztiak dira beharrezkoak, baina irratia liluragarria iruditzen zait.
Zer moduz moldatzen zara ingelesarekin eta frantsesarekin?
Ingelesa ikastea egiteko ditudanetako bat da. Bigarren hizkuntza moduan frantsesa zuen hezkuntza sistema baten, eta "gerrako ume" moduan erbestean eta urte luzez Bidasoako mugan bizi izandako ama frankofono baten semea naiz. Beraz, frantsesa eta kultura frantsesa oso gertuko ditut, nahiz eta ez dudan nahiko nukeen bezain ondo hitz egiten.
Eta zein puntutan duzu euskara?
Aita eta aitona-amonak euskaldunak izan arren, euskaldun berria naiz eta, Irungo Udalean sartu baino lehen, Hezkuntzako Lehenengo Perfila atera nuen. Gero, ondo moldatu naiz Udalean, baita kalean ere, baina hitz egiteko orduan, ahalegin gehiago egin behar dut...
Zer moduz moldatzen zara sare sozialetan?
Ondo, ondo. Hasieran inbasibo samarrak iruditzen zitzaizkidan, baina denborarekin erabiltzen, kontrolatzen eta etekina ateratzen ikasi dut.
Twitter, Facebook, WhatsApp... zeinekin geratuko zinateke?
Guztiek dute euren momentua: Twitter da momentukoa, Facebook-ek hausnarketarako balio du eta WhatsApp-a komunikatuta egoteko aurrerapen handi bat da.
Eta konpainian zaudela mugikorrera mezuren bat iristen bada... zer da lehenengo?
Konpainiaren arabera: lanean bada, segituan begiratzen dut; familian edo lagunekin bazaude, deskonektatzea luxua da.
Bizitzan gertatu zaizun gauzarik onena?
Gauza asko, baina, noski, aukeratu egin behar da... Ummm, jaio naizen familian –familia ugarian– jaio izana, zintzotasunean eta erantzukizunean hezi gintuzten guraso batzuekin, eta, noski, nire bikotekidea... 25 urte dagoeneko! Gero... lagunekin, lanarekin, politikarekin... zerikusia duten gauza asko.
Eta oraindik betetzeke duzun amets bat da...
Orokorrean, Euskadi baketsu eta adiskidetu bat ikustea, bere historiaren eta egun dituen gizon eta emakumeen jakitun dena: gizon eta emakume libreak eta berdinak, jatorri, egoera ekonomiko, genero edo sexu joeragatik baztertuak izango ez direnak.
Arlo pertsonalean, eliza bat ikustea lehen eta bigarren mailako fededunik gabe... Gustatuko litzaidake Frantzisko aita santuarekin eseri eta horretaz hitz egitea. Hasitako udaberria ez dadila eten esango nioke.