Sozialistek, prentsa ohar bidez, adierazi dute Fernando San Martin dela "Oñatik behar duen bultzada ondoen irudikatzen duen hautagaia". "Gertuko pertsona da, langilea, ondo prestatua eta kudeaketan nahiz erabakiak hartzen ohituta dagoena, baita taldean lan egiten ere", alderdikideen esanetan, eta horri gehitu diote udalen barne funtzionamendua ere ezagutzen duela, Irunen izandako esperientziaren harira.
San Martinek berak azaldu du pauso bat aurrera eman eta Oñatiko zerrendaburu izatea erabaki duela, bere helburua delako hurrengo agintaldian "gizartearen isla izango den elkarrizketan oinarritutako kudeaketa plurala" egitea. Ildo horretatik, PSE-EEk gobernatzen ari den instituzioetan darabilkin modeloa goraipatu du: "Mundu guztiak onartzen du Donostian, Irunen, Eibarren, Pasaian, Andoainen eta Zumarragan egindako kudeaketa ona, eta ni harro nago euren herentziaz eta hasi zuten proiektu politikoa ordezkatzeaz, euren herriak herri aktibo, ireki, plural eta asmo handikoak izatea lortu dutelako".
Agintaldi "galdua"
Oñatiko udalean ordezkaritza izatea lortuz gero, bultzatuko duen lehen neurria "inposizioz" ezarri zen atez ateko hondakin bilketa sistema ezabatzea izango dela azaldu du. Galdutzat eman du bukatzear den agintaldia, ez zaielako erantzun, bere esanetan, herritarren "benetako eta lehentasunezko" arazoei. Horregatik, herritarrei zuzendu zaie esanez euren eskuetan dagoela PSE-EE indar erabakigarri egitea eta udal kudeaketa aldatzea.
Gaineratu du baita ere, udalean ordezkaritza izatea lortuz gero, enplegua sortzen lagunduko duten neurriak sustatu eta kalitatezko zerbitzu publikoak bultzatuko dituela, eta krisiaren ondorioz gehien sufritzen ari direnak lehenetsiko dituela.
Bukatzeko, industrigintza moderno eta lehiakor baten aldeko apustua egin du eta hori lortzeko ahaleginak bikoiztu behar direla gaineratu. Nazioartekotzea, inbertsioa eta berrikuntza gakoak dira horretarako, bere esanetan.