Arantza Tapia: "Gurea bezalako herri industrialek hobeto jasan dute krisia"

Miren Arregi Amasorrain 2015ko api. 16a, 11:02

EAEko ekonomiak eta bertako enpresek dituzten erronkez eta horiei aurre egiteko hartu beharreko bideez jardun du Arantza Tapia Ekonomia sailburuak atzo oñatiko kultur etxean egindako hitzaldian. Candyren aferaz galdetuta Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Udalekin eta langileekin elkarlanean aritzeko.

Ekonomiaz aritu da Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, eta bide horretan hainbat gai aztertu ditu, horien artean lehena, globalizazioa. Tapiaren esanetan, aprobetxatzen jakin ezkero, globalizazioak nazioarte mailan eta orain sufritu dugun krisi ekonomikoaren testuinguruan hobeto erantzuteko balio dezake.

Teknologia ere izan du berbagai. Izan ere, ekonomia sailburuaren ustez, alor horretan bada, zer eginik: "Ez dugu bakarrik produktua salduko, baizik eta horrekin lotuta dauden zerbitzu guztiak. Horrek esan gura du teknologia berriak sartu behar ditugula, digitalizazioa sartu behar dugula eta gure produktuek beste balio erantsi bat izango dutela".

Industriaren garrantzia

Tapiaren iritziz, EAEk jarraitu behar du izaten "oso industriala". Haren esanetan, demostratu baita herri industrialek askoz ere hobeto jasan dutela krisialdia. "Beraz, asmatu genuen eta bide horretan jarraitu behar dugu", gaineratu du.

Erakundeen egitekoa

Erakundeen paperaz ere aritu da Tapia. Azaldu du, krisialdian erakundeek funtzionatu dutela banketxe gisa, izan ere, banketxeek krisi finantzieroa izanik dirua apartatu egin dute merkatutik. Gaineratu du, jarraitu beharko dutela ildo hori lantzen, eta orain arteko diru laguntzez gain, bilatu beharko direla bide berriak eta hor erakunde guztien lana dela beharrezkoa.

Candyren berrindustrializazioaz

Candyren berrindustrializazioaren gainean Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean dagoen aferaz galdetuta, Tapiak azaldu du orain arte halako arazo bat egon denean erakundeek elkarrekin lan egin izan dutela. Eta hala erantsi du: "Candyko kasua badirudi zerbait berezia dela eta norbaitek ez du gura Jaurlaritza bertan egoterik".

Gaineratu du Candyko langileekin bilera bat baino gehiago egin dituztela eta etorkizunera begira bertan aktibitate industriala mantentzea dela helburua. Bide horretan, Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Udalekin eta bereziki, langileekin. Betiere, hori egin ahal izateko lehialtasuna eskatu du eta "proiektuak ezagutzeko garrantzia" azpimarratu: "Lortu behar duguna da proiektua ez uxatzea, ze inbertsore pribatuak uxatzeko aukera handia dago. Proiektuak landu behar dira, izan ere, ezin ditugu langileak atzera bueltarik ez dagoen bide baten ipini. Hori da bermatu behar duguna".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak