Maite Aristegi: "Jendea beldurtzeko kontrolak dira, izugarria dela iruditzen zaigu"

Maider Arregi 2015ko api. 11a, 19:45

Amaiur koalizioak, Espainiako Diputatuen Kongresura eraman du Ander Astigarraga oñatiarraren atxiloketaren auzia. Kongresuari galdera zehatzak egin dizkio eta idatzizko erantzunak eskatu dizkio. Halaxe jakinarazi du Maite Aristegik, Amaiurreko diputatuak, gaur arratsaldean Oñatiko kaleetan egindako manifestazioan. Azken aldian, zenbait oñatiarrek "jasandako polizia jazarpena eta erasoa" salatu gura izan dutela gaineratu du manifestazioa deitu duen talde oñatiarrak.

Oñatiarrek, publiko egin dute asteon apirilaren 3an gertatutako atxiloketa. Hala, Amaiur koalizioak Espainiako Diputatuen Kongresura eramanago duela gaia jakinarazi du: "Amaiurrek jakin nahi du zergatik Guardia Zibilak prakak kentzeko agindua eman zion gazteari; zergatik lurrera bota ondoren bere aurpegia lokatzetan igurtzi zuten eta zergatik atxilotu ostean lurretik arrastaka eraman zuten hainbat puntutako zauria egin arte. Espainiako indar armatuek Euskal Herritik noiz egingo duten alde jakin nahi dugu. Gogora dezagun, hau ez dela gertaera isolatu bat. Iaz, Josu Lizarralde oñatiar gaztea identifikatu eta basora eraman zuen Guardia Zibilak. Lizarraldek legez kanpoko galdeketa eta tratu iraingarria jasan zuen bertan".

"Euskal gizartea itotzea eta kontrolatzea da errepide kontrolen helburua eta bide batez, gizartea tenkatzea", adierazi du Jon Iñarritu diputatuak Amaiurrek kaleratutako prentsa oharrean.

"Euskal Herritik alde egiteko ordua du Guardia Zibilak, Espainiako poliziak eta armadak", gaineratu du Maite Aristegi diputatuak. Aristegik gogoratu duenez, 2012an Hego Euskal Herrian 7.753  Guardia Zibil, polizia eta militar zeudela onartu zuen Espainiako gobernuak. Legealdi honetan, errepide kontrolei buruzko hogeitik gora galdera egin dituela Amaiurrek eta hainbat txosten eskatu dituela azaldu du Aristegik.

"Legearen babespean, nahi duena egiten dute. Jendea beldurtzeko kontrolak dira, izugarria dela iruditzen zaigu. ETAk orain dela 4 urte utzi zuen borroka armatua eta orain zertara dator hau?Herritarrak kokoteraino daude", dio.

Manifestazio jendetsua

Askotariko kolore eta adineko herritarrek salatu dute gaur arratsaldean Ander Astigarraga gaztearen atxiloketa "bortitza". Utzi bakean oñatiarrak, jazarpen polizialik ez! Fan Hemendik lelopean egindako manifestazioa lasaia izan den arren, Guardia Zibilaren etxe aurretik igarotzean bizi izan dira une hunkigarrienak eta tentsio momentu altuenak. Txistuak eta oihuak entzun ahal izan dira koartel aurrean. Baina esan moduan, ez da liskarrik izan eta manifestazioa paketsua izan da. "Jende asko batu gara, zaharrak, gazteak... ez da sektore baten arazoa, gizarte osoarena da eta jendea batzea garrantzitsua da", azpimarratu du manifestazioa deitu duen talde oñatiarrak. Fan Hemendik eguna ospatuko dute ekainaren 13an eta helburua ahalik eta jende gehien batzea dela nabarmendu dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak