Iturrigorriko Elorrolako korta, natur ondarearen gotorleku

Miren Arregi Amasorrain 2015ko mar. 13a, 14:26

Iturrigorrin kokatzen den Elorrolako korta erosi du Oñatiko Udalak. Urtarrileko Osoko Bilkuran onartu zuen udalbatzak aho batez korta erostea eta hala egin du: 30.000 euroko kostua izan du erosketak eta udalaren izenean gauzatu bada ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak ahalbidetu du diru hori.

Iturrigorriko Elorrolako korta Herri Onurako Mendiaren eremuan dago. Hain zuzen ere, Iturrigorriko basoa, bere hedadura osoan dago Kontserbazio Aktiboko Eremu bezala izendatuta. Gune horiek, aktibitate eta interes kultural zein natural handiko eremuak dira eta bitxitasun botaniko eta geomorfologiko ugari dituzte eta ekologikoki oso hauskorrak dira, beraz, babes maila handia behar dute. Elorrolako kortaren balioaren jakitun, esandako moduan, Oñatiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin du erosketa.

Korta, egoera desegokian

Sarbide txarra du Elorrolako kortak. Larizio pinuak landatu zirenetik mantentze lanak apenas egin dira eta hori dela eta, basoaren ustiaketaren ikuspegitik zuhaitzen egoera desegokia da: Elurragatik zuhaitzak kaltetuta daude, hildako zuhaitz asko dago... Eta hain zuzen ere, horrek, baso ustiaketarako desegokia den egoera horrek, baldintza egokiak sortzen ditu hainbat ornodunendako. Ornodunendako ez ezik, hegaztiendako ere bai, izan ere, okil beltza ikusi da bertan.

Hortaz, biodibertsitatearen kontserbazioaren ikuspuntutik eta arriskuan dauden espezieen kontserbazioaren ikuspuntutik interes handia du egun Elorrolan dauden pinu landaketak daudenetan uzteak. Modu horretan, zuhaitzak botatzeak ekarriko lukeen kaltea bertan behera geldituko litzateke, habitat egoki bat izateko aukerak handituz. Esandako moduan, Elorrolako korta erosita, aurreikusitako baso ustiaketa bertan behera utziko du Oñatiko Udalak; helburua, gerora, bertan dauden espezieen kontserbaziorako ekintzak egin ahal izatea.

Izan ere, Elorrolako korta oraindik sakontasunez ikertu barik dago baina esandako moduan, interesekoa da biodibertsitatea babesteko ikuspuntutik.

Beste bi korta; Arriona eta Arenarritza

Carlos Martinez de Irujoren jabetzapean egon da Udalak erosi duenera arte Elorrolako korta. Iturrigorriko basoak hiru korta ditu; Elorrolakoa eta Carlos Martinez de Irujorenak diren beste bi: Arrionako eta Arenarritzako kortak, hain zuzen ere. Urtarrileko Osoko Bilkuran, Elorrolako korta erostea onartu zenean, EAJk proposatu zuen beste korta bat eskuratzeko negoziazioei ekitea. Hala egitea onartu zuen  udalbatza.

Kortak, zer dira?

Korten lehen erreferentziak XII. mendekoak dira. Artzaintzarako erabiltzen ziren gune zirkularrak ziren kortak. Erdigunean mugarri bat izaten zuten eta lurralde antolaketaren oinarria izan ziren.  Normalean herri lur izan ohi ziren baina XIV. mendean, esaterako, baziren jabetza pribatukoak ziren kortak ere. XV. mendean horietako asko baserri izatera pasatu ziren.

Artzaintzarako erabiltzen ziren lursailak izanik, kortek beharrezko izaten zituzten batetik, bazkarako larreak, animaliek edateko ura bestetik eta zuhaiztiak azkenik, animaliak babestu zitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak