Ganbara Txikikoak, Zubikoan, piraten altxorraren bila itsasoratzeko prest

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko urt. 16a, 16:06

1.1000 ikusle batuko dira Zubikoa kiroldegian bihar, zapatua, Ganbara Txikik egingo duen Altxorraren uhartea musikala ikusteko. Emanaldi bietarako (17:30 eta 20:00) sarrera guztiak agortuta daude. Zubikoarako sarrerarik eskuratu ez dutenek baina, telebistan ikusteko aukera izango dute, Goiena Telebistak musikal osoa grabatuko du-eta. Hirutan erakutsiko dute: urtarrilaren 24an, zapatuan, 16:00etan; eta domekan, berriz, 11:00etan eta 19:00etan.

Antolatzaileak gustura dira, aurreikuspenak gainditu egin dituztelako: "10.000 eurotako aurrekontua du musikalak eta diru-laguntza batzuk jaso ditugun arren, gastuen zati handiena sarreretatik ateratzeko apustua egin genuen. Erabaki horrek loa kendu digun arren, pozik gaude orain; martitzen goizean saldu genituen azkenak, hala ere, eskariak jasotzen jarraitzen dugu. Horregatik, bada, guztiei eskerrak eman gura dizkiegu, eta bide batez, gaineratu gura dugu, musikala beste herri batzuetara eramateko aukera aztertzen ari garela ekoiztetxe batekin" kontatu du Aitor Biain zuzendariak.

Musikal ezaguna, oñatiartuta

Elkarrizketa, kantu eta dantzen bitartez, Louis Stevensonen Altxorraren Uhartea eleberriko istorioa kontatuko dute oinarrian taularen gainean izango diren 30 artistek, bi aktotan banatuta dagoen eta 120 minututako iraupena duen ikuskizunean.

Hainbat dira baina, musikal ezagunari egin dizkioten moldaketak, besteak beste, euskaratu egin dutelako obra guztia; hori horrela, musika eta kantu gehienak, libreto orijinalekoak badira ere, badaude Oñatiko abesbatza gazteak espresuki obra horretarako sortu dituztenak ere. Pertsonaia asko badira ere, lau dira protagonista nagusiak (aldameneko taulan jasotakoak). Horiek aukeratzeko egindako barne casting-ean, gidoiak eskatzen zuen pertsonaiaren perfila eta abeslarien ahotsa zein obra ikasteko behar zen gaitasuna hartu zituen zuzendariak kontuan; eta haren esanetan, estreinakoz badira ere protagonista paperean, guztiek gainditu dituzte, zuzendariak berak zituen aurreikuspenak.

Arlo musikala albo batera utzita, ikusleak XVIII. mendera eramango dituzten dekoratuak eta bestelako osagaiak (arropak, atrezzoa...) ere, etxean egindakoak dira. "Lan talde ezberdinetan banatuta guraso talde batek jardun dugu lan horietan, ideia lantzen hasi eta azkeneko margo lanak bukatu artean. Gehienontzako estreinako esperientzia izan da, baina asko samurtu du gure artean izan dugun giro onak. Hiru dekoratu egin ditugu: taberna bat, itsasontzi bat eta irla bat. Horrez gainera, garaiko arropak, orrazkerak.... Ikerketa lan handia egin dugu, detaile guztiak zaintzen saiatu gara-eta" dio Mikel Altube gurasoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak