Izan ere, mutilen elite mailan Jose Antonio Diez izan bada helmugara heltzen azkarrena; proba Iñigo Gomezek irabazi du. Gomezek lasterketa amaitu ostean, erreklamazio bat jarri die epaileei, esanez Diezen bizikletaren atzeko gurpila araudiak onartzen duena baino handiagoa zela. Epaileek egin beharreko neurketak egin ostean, Diezen gurpilak milimetro batean araudia hausten zuela egiaztatu dute eta kanporatu egin dute, horrela helmugara bigarren heldu zen Gomezi garaipena emanez.
Epaileen erabakiak polemika handia sortu du; batzuk esan dute neurketak proba hasi aurretik egin behar direla eta korrikalari bati egitekotan, guztiei egin beharko zietela. Diez bera, minduta amaitu du, izan ere, lasterketa amaitu bezain laster beretzako garaipen oso garrantzitsu bat izan dela aitortu du, denboraldiko proba inportanteena baitzen Oñatikoa txirrindulariarentzat. Baina, azkenean, gurpil zahar baten erruz, pistan irabazitako garaikurra kendu diote Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoko epaileek.
Ibilbide ikusgarria
Arazo hori alde batera utzita, ziklo-kros proba paregabea izan da Oñatin ospatu dena. Urrutxu aldean egin da lehenengoz, eta ibilbide berriak buruhausteak eman dizkie txirrindulariei. Askoren ahotan ibilbidearen zailtasun fisikoa egon da eta batek baino gehiagok, lokatza zela-eta, bizikleta bizkarrera bota eta korrika egin ditu metro nahikotxo. Egia esan, ikusle eta bizikleta zaleentzako proba polita izan zen.
Odriozola emakume azkarrena
Odriozola izan da elite mailan emakume azkarrena; emakumeek gazte mailako gizonezkoekin batera egin dute proba eta bost buelta eman dizkiote ibilbideari. Lehenengo buelta gogorra egin zaio Odriozolari, baina bigarrenean aurre hartu die aurkariei, eta erritmo konstante bat mantentzeari esker irabazi du ziklo-krosa. Zirkuitua gogorra egin zitzaiola aitortu du, eta aldapa beheran ere eroriren bat izan du, hala ere, pozik amaitu zuen. Bertakoek ere lan ona egin zuten orokorrean. Julen Umerez izan zen postu onena lortu zuen oñatiarra, gazte mailan bosgarren heldu zen helmugara.