Bigarren zatiko defentsa indartsuari esker eman dio buelta emaitzari Ford Mugarrik

Mireia Bikuña 2014ko abe. 21a, 15:49

Gogorra. Tentsio handikoa. Bizia. Ikusgarria. Berba horiekin laburtu daiteke Ford Mugarrik eta Hondarribiak jokatutako partidua. Berba horiekin eta beste bat gehiagorekin: zakarra. Une askotan, lehia zakarra izan zelako. Batez ere, jokalariek –eta une askotan, etxeko jokalariek– erakutsitako jarrerarekin.  Baina tentsio une horien guztien gainetik, egoera hobeto kudeatu zuena Ford Mugarri izan zen, eta irabazi egin zuen: 32-28.

Lehen Nazional mailan edozein talderen kontra galtzeko arriskua dagoela garbi geratu zen zapatuan. Konturatu orduko hiru goleko errenta hartu zuen Hondarribiak: 1-4. Pablo Garciak hutsartea eskatu zuen, baina defentsako arazoak ez zituen konpondu. Atzean zuloak eta erasoan golik ez. Eta gainera, etxeko jokalarien bi minutuko zigorrak. Premisa horiekin, bost goleko abantaila hartu zuten kanpokoek: 4-9, 17. minutuan. 

Hondarribiarrek bazekiten zeintzuk ziren arrasatearren kakoak. Hori horrela, lehen zatiko minutu askoan bakarkako defentsa egin zioten Kepa Isasmendiri. Kanpoko jaurtiketarako aukerak moztu zizkieten arrasatearrei, eta gainera, atsedenera lau goleko abantailarekin heldu ziren: 13-17.

Txartel gorria

Aldageletako berbak kontuan hartuta, defentsako zuloak itxi eta arrasatearrak berpiztu egin ziren. Hiru minutuan 17nako berdinketa lortu zuten. Orduan hasi zen benetako partidua etxekoendako. Epaileen lanarekin gustura ez egon arren –erabaki batzuk oso eztabaidagarriak izan ziren benetan–, lehian zentratu ziren eta poliki-poliki goranzko bidea hartu zuten. Bigarren zatiko bederatzigarren minutuan ipini ziren lehen aldiz aurretik (20-19). Zailena egin ostean, garaipenaren bila joan ziren.

Kantxako giroa berriro nahastu zen Jorge Santosek bi minutuko hirugarren kaleratzearen ostean, txartel gorria ikusi zuenean. Hori aprobetxatuz, barkakako defentsara itzuli ziren hondarribiarrak. Isasmendi eta Bernal, kanpoko jaurtiketa egiteko aukera barik, hegalean kokatu ziren. Baina,  Ford Mugarrik topatu zituen bideak markagailua handitzen joan eta partidua irabazteko.

Jokalarien jarrerari buruz

Etxeko jokalarien jarreraren aurrean, honako idatzia bidali zuen zuzendaritzak: "Lehenengo zati eskasaren ostean, epaileek izan zieten errespetu falta onartezina da. Ezin daiteke horrenbeste protestatu eta are gutxiago era horretan. Berdin da epaileak onak, txarrak edo oso txarrak izan. Jokalariak euren lanean zentratu behar dira eta zapatuko lehen 20 minutuetan ez zuten egin. Gaizki jokatzearen frustrazioa ezin diegu epaileei egotzi. Halako jarrerak ez ditugu onartzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak