Luzapenean sartu du UDAk lasaitasuna ematen duen gola

Mireia Bikuña 2014ko abe. 21a, 20:07

2014ko azken derbia jokatu dute UDAk eta Bergara Ibarra futbol zelaian. Oso bestelako egoeran heldu dira partidura: aretxabaletarrak goiko postuetan eta mahoneroak sailkapenaren erditik behera. Bada, sufritu egin dute Gorka Valleren taldeak. Lehen hamar minutuetan bi goleko errenta hartu arren, kosta egin zaie partidua menderatzea eta erabakitzea. Menderatzea, minutu askoan Bergarak kontrolatu zuelako baloia eta jokoa; eta erabakitzea, lasaitasunaren gola luzapenean sartu dutelako.

Partidua oso bizi hasi da. Batez ere etxekoen aldetik. Di-da batean bi goleko abantaila hartu du Valleren taldeak: 6. minutuan Raul Sanchezek erdiratu du eskuinetik eta Urtzik hankarekin sartu du gola, eta 10.ean Jokin Badillok buruz sartu du bigarrena. Abantailarekin lasaiago jokatu dute etxekoek. Buruarekin eta Bergararen atea begiz jota.

Aitor Arrateren taldeari kosta egin zaio partiduan sartzea. Lehen zatiak aurrera egin ahala, esnatu egin dira eta ondo jokatzen hasi ziren. 24. minutuan gainera, gola sartu duten eta horrek erabat berpiztu ditu.

Aretxabaletak abantaila handitzeko aukerak izan dituen arren, Bergarak kontrolatu du norgehiagoka atsedenera arte.

2 eta 1eko emaitzarekin, bigarren zatia izan da erabakigarria.

Baloia langara 

Aldageletatik bueltan, Bergarak menderatu du derbia. Baloia euren jabetzakoa izan da: hegaletatik, erditik, paseak motzean edo luzean. Guztietan ibili dira ondo bergararrak. 

Baina, adi egon behar izan zuten. Izan ere, UDAk izan zituen gol aukeretako asko oso garbiak izan ziren.

Bigarren zatiko lehen bi aukerak Arrateren taldeak izan ditu. 63. minutuan Bergarako aurrelariak kanpora bidali du baloia buruz, eta 75. minutuan, falta maisuki jaurti, baina baloiak langan jo du. Hurrengo jokaldian, minutu bat beranduago, UDAk lehia erabakita uzteko aukera izan du. Aurrelariak, atezainaren eskuetara errematatu du, bakar-bakarrik zegoela.

Kontraerasoan

Minutuek aurrera egin ahala, Bergarak lerroak aurreratu, eta berdinketaren bila joan da. 84. minutuan aukera paregabea izan du, baina ez du asmatu.

Kontraeraso bikaina baliatu dute aretxabaletarrek derbia erabakitzeko. Eskuinetik baloia ondo gidatu du. Lehen erremateak atezainaren gorputzean jo zdu. Aldaratzea baina, Erañaren oinetara heldu eta ez du kale egin. Biziki ospatu dute jokalariek eta zaleek garaipena. Urte borobilari bukaera ematen dion garaipen borobila.

Urtarrilera arte oporrak

Derbia irabazita, Aretxabaletak lehen lekuan bukatzen du urtea 35 punturekin. 15 partidutan bakarra galdu ostean. Ostera, Bergarak 18 puntu ditu eta sailkapeneko 13. lekuan dago. 2015eko lehen jardunaldian Aloñaren eta Touringen kontra jokatuko dute, hurrenez hurren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak