'Carmina Burana' interpretatuko du Oñatiko Ganbara Abesbatzak

Abenduaren 28an, 19:30ean, Oñatiko Zubikoa kiroldegiko pilotalekuan interpretatuko du Oñatiko Ganbara Abesbatzak, Carl Orff alemaniarraren obra ospetsua. Abesbatzaren 20. urteurrena ospatzeko ekitaldia izango da eta 130 lagun inguru igoko dira eszenatokira; horietatik 20 inguru, Ganbara Abesbatzako kide ohiak.

130 lagun horietatik 35 izango dira abesbatzako kideak; 30 Ganbara Txikiko abeslariak; 30 Bergarako Orfeoiko eta Goikobaluko kideak eta 20 Ganbara Abesbatzako kide ohiak. Gainera, bederatzi pertsonak osatutako orkestratxoa izango dute lagun eta baita hiru bakarlari ere.

Obra sinfonikoa, lehenengoz

Oñatiko Ganbara Abesbatzarendako, proiektu ez ohikoa da Carmina Buranaren eszenaratzea. Izan ere, lehenengoz aurkeztuko du programa sinfoniko bat, cappellan abestera ohituta dagoen Ganbara Abesbatzak. Kideek, ilusioz heldu diote proiektuari eta orain arte landu ez duten genero musikalaren prestaketak, 4 hilabeteko lan gogor eta aberasgarria utzi ditu atzean.

Nazien obra kuttuna

Carmina Burana, Carl Orff musikari alemaniarrak konposatu zuen 1936. Urte inguruan. Neoklasizismo musikalaren korrontean aritu zen Carl Orff eta 1931 eta 1945 urte bitarteko Alemania nazian bizi eta ospea lortu zuen musikarietako bat da. Carmina Burana Adolf Hitler eta haren jarraitzaileen artean obra ospetsu bilakatu zen.  Gaur egun ere, alderdi ilun hori alde batera, Kantata interpretatuenetariko bat da mundu guztian, Beethovenen edo Mahlerren sinfonia handiekin, Haendelen Mesias obrarekin eta beharbada Johann Sebastian Bachen Pasioak obrarekin batera.

Maitasuna, jokoa eta edaria goraipatuz

Goi alemanieraz, frantsesez, probentzeraz eta latinez idatzita dago Kantata eta XI. Eta XII. Mendeko testu  batzuetan oinarrituta dago. Testuak erabat profanoak dira; zerbait ezohikoa, elizaren nagusitasuna erabatekoa zen garaian. Maitasun kantak, jokoa eta edaria goresten dituzte testuetan eta garaiko botereari –elizari– burla egiten dioten kantu satirikoak dira. Munich inguruan dagoen Beneditarren Beuern izeneko monasterioan aurkitu ziren idatziak XIX. mendearen hasieran, monasterioa sekularizatu zenean. Egun, Munichen daude gordeta.

Entsegu orokorra irekia izateko aukera

Sarrerak 12 eurotan daude salgai Txokolateixan eta ganbara.sarrerak@gmail.com helbidera idatzita ere eskuratu ahalko dira.

Abenduaren 28ko emanaldirako sarrerak agortzen badira, Oñatiko Ganbara Abesbatzak aurreko egunean kiroldegian bertan egingo duen entsegu orokorrerako sarrerak salduko ditu. Hori, baina, esandako moduan, ikuskizunerako sarrerak agortzen badira izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.