Udalak kontratatu duen arkitektoa hasi da Eteorako proiektua lantzen

Txomin Madina Milikua 2014ko aza. 25a, 20:42

Oñatiko Eteoko eraikinaren inguruko Eltzia egitasmoak beste urrats bat eman du. Hala, Udalak arkitekto bat kontratatu du eraikina erabiltzen duten taldeen beharretara egokitzeko. Momentu honetan hamairu taldek erabiltzen dute Eteo, eta beste hamabostek erakutsi dute interesa.

Eltzia egitasmoaren barruan orain arte egindako bileretan, Eteoko eraikina erabiltzen duten taldeek hainbat eskari eta proposamen egin dituzte, eta dagoeneko badabiltza horiei forma ematen. Horretarako, Izaskun Legaristi arkitekto oñatiarra kontratatu du Oñatiko Udalak 12.000 euroko aurrekontuarekin eraikinerako proiektua idatzi dezan. Nerea Zubia kultura zinegotziaren esanetan, eraikina egoera onean dago, eta  orain dagoen lekuaren eta dauden baldintzen egokitzapena egingo du arktiektoak: "Arkitektoak, batetik, metro koadroak hartu beharko ditu kontuan, baita materialekin eta argitasunarekin lotutako ezaugarriak ere. Bestetik, eraikinak segurtasun arauak bete behar dituela ere aintzat hartu beharko du".

Arkitektoa dagoeneko hasi da lanean, eta epeei dagokienez, urtarrila bukaerarako proiektuaren lehen zirriborroa prest edukiko du. Ondoren, egun Eteo erabiltzen duten taldeekin eta erakundeekin kontrastatuko dute. Asmoa da behin betiko proiektua udararako gertu egotea.

Musikariendako lekua

Musikariendako Eteon egokituko den espazioaren diseinua bestalde, aurreratuago dago. "Azkenengo bileran, azken proposamna adostu genuen. Orain arkitektoak proiektua idazten dabiltza; hilbete bukaerarako proiektua gertu egongo da, eta bere kostua ere jakingo dugu", dio Kultura zinegotziak.

Intsonorizazio kontuetan eskarmentua duen Gasteizko Epaic enpresa dabil diseinuarekin. Asmoa da makinak urtarrilean hastea lanean eta datorren urteko uda osterako musikariendako lekua erabilgarri egotea. Lanak bi fasetan egingo lirateke: zati bat datorren urtean, eta bigarrena 2016an.

Harremanak estutzen

Eteo baina, ez dago hutsik, herriko askotariko hamahiru taldek bertan dute-eta euren lekua; tartean, azken urtean sortu diren Lagun Leku erretiratuen elkarteka eta Txantxiki familien elkarteak. Eltzia egitasmoa dinamizatzen dabilen Johana Olabarriaren hitzetan, taldeak hasi dira euren arteko harremanak estutzen: "Elkar ezagutu dute; badakite beste taldetakoek zein arazo dituzten, zelako ekintzetan dabiltzan... kolaboratzeko ideiak ere sortu dira".

Egun daudenez gain,  beste hamabost taldek ere erakutsi dute Eteora joateko interesa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak