Raul Perezek irabazi du Oñatiko I. Eslaloma, eta Unai Billar izan da oñatiar onena

Maialen Torres 2014ko aza. 23a, 20:39

Irabazleak, mailaka

Lehen aldiz antolatu arren, Oñatin jokatutako proba Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetarako puntuagarria izan zen. 1.600 zentimetro kubikorainoko motordun autoetan, sailkapen orokorrean bigarren egindako Calvo izan zen garaile, eta hortik gorakoetan, berriz, Victor Calvo. Atzeko trakziodunen mailako saria ere Perezentzat izan zen, eta Kart Krosean aritu ziren bi parte hartzaileetatik Jagoba Garcia izan zen azkarrena. Ez zion, gainera, alde handirik atera Unai Billar oñatiarraren Demon Car-ari (segundo bat baino ez), baina etxekoak Junior trofeoa eta oñatiar onenarena jasotzearekin konformatu behar izan zuen.
Sarituak, baina, azkarrenak izateaz gain, abilenak ere izan ziren, izan ere, lehenbailehen amaitzea bezain garrantzitsua da eslalom probetan oztopoak behar bezala gainditzea, eta kono bat botatze hutsak bost segundoko zigorra dakar, adibidez.

Edonola ere, abiadura izan zen garaipenerako gako nagusia, pilotuen esanetan, ibilbidea "erraza" zelako. Sinplea izateak, era berean, "dibertitzeko aukera" eman zien. "Batzuetan oso ibilbide zailak prestatzen dituzte eta lanak izaten ditugu zer egin gogoratzen, badirudi gidatzeko abilezia baino, memoria neurtzeko eginak direla", dio Sevillatik etorritako Antonio Zamorano pilotuak.

Entrenamendu ikusgarria

Automobilismo probetan ohi den bezala, hiru txanda egin zituzten zirkuituan zehar, eta sailkapenerako azken bietako denborak baino kontuan hartzen ez direnez,  pilotuak gozatzera eta ikusleei gozaraztera irten ziren lehenengoan. Zaleek, ordainetan, gogoz animatu zituzten pilotuak, baina batez ere etxekoak. Ikustekoa izan zen, baita ere, pilotuek erakutsitako abilezia maila, hainbat ikusleren arabera, azkenaldian "pixkanaka igotzen" ari dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak