Sailkapeneko hirugarren postuan da Ford Mugarri, Trapagarani irabazi eta gero

Miren Arregi Amasorrain 2014ko aza. 23a, 20:00

Trapagaren kontra bi puntuak eskuratuta, hirugarren postuan da sailkapen orokorrean Ford Mugarri taldea, bigarren postuan dagoen Tolosarekin berdinduta.  29-23 irabazi zuten arrasatearrek zapatuan Iturripen, ez baina, kantxan estuasunak pasatu barik. "Asko kostatu zaigu aldea ataratzea eta ez gara eroso ibili jokuan", zioen Pablo Gartzia entrenatzaileak partidua bukatuta.

Trapagaranek duen jokora egokitzea kosta zitzaien arrasatearrei: "Joko zuzena dute, bat-batekoa eta asko kostatzen zaigu batez ere defentsan, horrela jardutea", dio Gartziak. Hori horrela izanik ere, Ford Mugarrik izan zituen arnasguneak ere eta horiek aprobetxatu zituen golak egiteko.  Izan ere, partidu guztian aurretik izan ziren arrasatearrak markagailuan eta ez hori bakarrik, jokoan ere gehiago izan baitziren.  


Erosotasunik ez

Gogor hasi zuten partidua arrasatearrek, lehenengo 10 minutuak bikainak izan ziren-eta: defentsan ondo eta kontraerasoan ere egoki aritu ziren tarte horretan. Gehiago zirela jabetuta, baina, lasaitu egin zen Gartziaren taldea eta nahiz eta etenaldira 17-13 irabazten iritsi, asko behar zuen taldeak bere onenera iristeko: "Taldea %30a ematen ari zen eta ez geunden guztiz gustura", gaineratu du Gartziak.
Bigarren zatia ere berdintsu eman zuten arrasatearrek. Beti markagailuan eta jokoan aurretik, baina ez guztiz eroso.   


Liderraren kontra, datorrena

Datorren zapatuan, 16:30ean jokatuko du Ford Mugarrik Eibarren, sailkapeneko liderraren kontra. Partidu guztiak irabazi dituen Eibarren kontrakoa badakite ez dela erraza izango baina aukerak badituztela ere badakite. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak