Ibarrondo gogoan, liburua, diskoa eta kontzertuak

Imanol Gallego 2014ko aza. 6a, 17:21

Antonino Ibarrondo zena gogoan antolatu dituzte 36. Musikegunak, jaio zela 100 urte bete direla aitzakia hartuta, hain zuzen. Hala, haren omenezko liburu bat eta disko bat kaleratu dute aste honetan bertan, eta hiru kontzertu antolatu dituzte hilabete honetarako, azarorako.

'Aitaren etxea'

San Migel parrokian izango dira hiru kontzertuak eta lehenengoa asteburu honetan bertan izango da, domekan, 19:00etan.
Haren seme Felix Ibarrondoren piezak entzungo dira kontzertu horretan. "Gure aita gizon arrunta baina berezia zen. Pozik nago aitak merezi duen  aitorpena jaso duelako eta omenduko dutelako. Domekako kontzertua, esaterako, berezia izango da, lehen aldiz entzungo da bere lehen obra, Aitaren etxea. Horrez gain, baina, nire ibilbidea zein izan den ere ikusiko da kontzertuan entzungo diren piezen bitartez", azaldu du Felix Ibarrondok.

Datorren domekan, Antonino Ibarrondok zuzendu zuen Bilboko Bandak egingo du emanaldia eta hilaren 23an, Oñatiko Udal Musika Bandarekin batera, herriko abesbatzek kontzertu bateratua egingo dute. Azken kontzertu horretan ere Antonino Ibarrondoren oñatiar sena nabarituko dute entzuleek. "Gure aitak ia 400 pieza egin zituen, baina denak dira oñatiarrak. Horretxen pena dut nik, larregiko oñatiarra izan zela. Pieza horiek ezin ditut hemendik kanpora atera, ezta Legazpira, Bergarara edo Arrasatera ere, esaterako", azaldu zuen Iñaxio Ibarrondok atzo prentsaren aurrean.

Liburua eta diskoa

Antonino Ibarrondo musikariari buruzko liburua Xabier Ugartek eta Jose Antonio Ibarrondok egin dute. "Bere bizitza osoan ez zuen besterik egin: musika bizi, neurri batean musikatik bizi, eta musika hau beste batzuen eskuetan jarri. Musika bizi eta partekatze hori batez ere banda bidez egin zuen: banda zuzendari, musika irakasle eta bandarako musika konposatzailea izan zen", azaldu zuen Azpiazuk egueneko aurkezpenean. Musika sortzaile eta ekoizle kontuak ez ezik, hark bizitako anekdotak ere jasotzen ditu liburuak.

Diskoan, Oñatiko Udal Musika Bandak eta herriko hainbat abesbatzak parte hartu dute. Bi produktuak Txokolateixian eta Turismo Bulegoan daude salgai,  sei eurotan. Azaroko emanaldietan, berriz, bost eurotan.

Hermansaloñarako dirua

Musikegunen barruan egongo diren musika emanaldietan, bestalde, dirua batzeko mahaiak jarriko ditu Hermansaloña elkarteak. Bertako kide Jose Antonio Urteagak adierazi duenez, Argentinako Nazareth proiekturako dirua izango da batuko dutena: "Tailer bat egiteko prozesua bukatzeko erabiliko dugu dirua. 2015eko bigarren zatian jarri gura da martxan tailer hori. Eraikina eginda dago, baina inbertsio batzuk falta dira egiteko egitasmoa osatzeko, eta horretarako erabiliko dugu dirua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak