Oraindik zikinkeria guztiz desagertu ez den arren, azken urteotan errekak garbitu eta gehiago zaindu izanak ekarri ditu bere ondorioak. "Herri barruan, azken hamarkadetan galdu den bioaniztasuna berreskuratzen ari da. Etorri diren hegazti, ugaztun eta narrastiak ondo kolonizatu dira, eta berriz ikusten ditugu hemengo erreketan; esaterako, Martin arrantzalea edo ur-zozoa", dio Natur Eskolako Imanol Biainek.
30 panel
San Martingo zubitik Otadui zuhaiztira bitarteko erreka bazterretan jarritako hainbat panelen bitartez erakutsi dute hori, Oñatiko errekak bizirik izeneko erakusketa osatzen duten panelen bitartez, hain zuzen ere. 30 inguru jarri dituzte eta helburua da oñatiarrei errekaren bioaniztasuna erakustea, zer dagoen jakinda hobeto zaintzeko.
Bi eratako informazio panelak daude: batzuek errekan bizi diren animalien eta landareen berri ematen dute, gehienak gaur egun ere aurki daitezkeenak. "Batzuk landaretzarekin lotuta daude, zuhaitzak, belarkarak, zuhaixkak... Beste batzuek intsektuak, zomorroak eta horiek zein animaliarendako elikagai diren jasotzen dute. Hala, arrainak, ugaztunak eta hegaztiak ere agertzen dira paneletan", dio Biainek.
Beste panel batzuetan, errekan aurki daitezkeen landare eta animalia inbaditzaileak zeintzuk diren azaltzen da; adibidez, seinaledun karramarroa. "Amerikarra da berez eta okela saltzeko ekarri zuten hona. Ugaltzen joan da eta duen arazoa da berari kalte egiten ez dion onddo baten eramailea dela. Gaitz horrek, baina, bertako karramarroak hiltzen ditu, aurre egiteko defentsarik ez dutelako", azaldu du Natur Eskolako langileak.