Jone Etxeberria: "Kutxa banku fundazio bihurtuko balitz, kontrol publiko eta soziala galduko luke"

Maialen Torres 2014ko urr. 16a, 13:00

Datorren ostiralean Kutxak banku fundazio bihurtzeko erabakia hartuko du batzar orokorrean, eta EH Bildu ez dator bat bide horrekin, ziur baitaude aurrezki kutxak kontrol publiko eta soziala galduko duela. Atzo Oñatin hitzaldi informatiboa egin zuten, egoera herritarrei azaldu eta euren alternatiba proposatzeko.

Atzo hainbat Oñatiar bildu ziren Udalaren erabilera anitzeko gelan, EH Bilduk salatu duen Gipuzkoako Kutxaren pribatizazio arriskuaz gehiago jakiteko asmoz. Jone Etxeberria eta Ino Galparsorok eskaini zuten hitzaldian, egungo egoera aztertzeaz gain, urteetan atzera egin eta arazoaren sustraiak ezagutzeko aukera ere izan zuten. Jone Etxeberria Kutxako batzarkideak argi esan zuen "momentu garrantzitsua" dela bizi duguna, "Kutxa banku fundazio bihurtuko balitz, kontrol publiko eta soziala galdu" egingo bailuke datorren ostiraleko batzarrean.

Iazko abenduan Espainiako Kongresuak Aurrezki kutxak eta banku fundazioak arautzen dituen legea onartu ostean hartu du Gipuzkoako Kutxak BBK-ren eta Caja Vitalen bideari jarraitzeko erabakia. EH Bilduk salatu duenez, aldaketa horrek "orain arteko funtzionamendu demokratikoaren amaiera" suposatuko luke. Izan ere, 1990ean sortu zenetik, hauteskunde bidez hautatu izan dira Kutxaren norabidea gidatuko zuten pertsonak, baina banku fundazio bihurtuta, 15 pertsonaz osatutako patronatuak izango lituzke eskumen guztiak. "15 pertsona horiek ez dira inoren ordezkari izango, eta momenturen batean gauzak oker egingo balituzte ere, erakunde publikoek ez lukete eskumenik izango pertsona horiek aldatzeko" esan du Etxeberriak.

Proposamena

Hori gerta ez dadin, EH Bilduk bere proposamena aurkeztu du: Kutxa fundazio arrunt bihurtzea. Gainera, argi utzi nahi izan dute "askok kontrakoa esan arren", "legez egingarria" dela euren proposamena.

EH Bilduren esanetan, gainera, Kutxa fundazio arrunt bihurtuta, egungo funtzionamenduarekin jarraitu ahal izango litzateke, herritarren, bezeroen eta langileen parte hartzea mantenduz. Horretarako, Kutxak Kutxabanken dituen akzioak banatzea proposatzen dute. Horrela, orain duen %32a lau zatitan banatuko lukete: Aldundiak eta Donostiako Udalak, Kutxaren fundatzaile izanik, %4,99na jasoko lukete, %17a Gipuzkoako Udalen artean banatuko litzateke eta Kutxak berak beste %4,99 mantenduko luke. Izan ere, ohiko fundazio izateko, %5etik beherakoa izan behar du akzio kopuruak. Dena den, dibidenduen kudeaketa Kutxaren esku utziko lukete.

Horrela, EH Bilduren ustez, kutxen sorrerako izaera publikoa eta funtzio soziala berreskuratu ahal izango litzateke, besteak beste, langileen aurrezkiak Gipuzkoan bertan inbertituz eta obra sozialei lagunduz. Izan ere, salatu dutenez, azken urteetan ez du halakorik egin Kutxak. "Nahiago izan dute dirua azkar egitea, funtzio soziala betetzea baino", dio Etxeberriak, eta Gaineratu du irabaziak lortzeko "espekulazioa eta lukurreria erabili dutela".

Dena den, datorren ostiralera begira, banku fundazio bihurtzea eragoztea zaila dela aitortu du Etxeberriak, administrazio kontseiluan ez baitute bozka nahikorik euren proposamena aurrera eramateko. Esan du, baita ere, dagoeneko berandu dela prozesua gelditzeko, baina jendarteak zer gertatzen ari den jakiteak balio asko duela: "jendeari ikusarazi diogu EAJ, PP, PSE eta CCOO esaten ari zirena gezurra zela, eta lapurreta baten aurrean gaudela, eta hori ez da gutxi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak