Dena gertu txantxia erabiltzen hasteko, Oñatiko moneta soziala

Txomin Madina Milikua 2014ko urr. 2a, 14:10

Herriko 86 komertziotan erabili ahalko da txantxia, eta momentuz, Udalak banatuko ditu. Laster, hala gura duten herritarrek ere trukatu ahalko dituzte euroak txantxiengatik, eta horretarako, urria amaieran edo azaroa amaieran bulego bat zabalduko dute.

Elkarri lagunduz proiektuaren baitan atera dute eta 2013an egindako Komertzioa Biziberritzeko Plana du abiapuntu: herritarren  –batez ere gazteen– gastu-ihesa oso handia zela ondorioztatu zuten, eta, hain zuzen ere, gastu-ihes hori mugatu eta kontsumoa fidelizatzea du helburu moneta sozialak. "Ikusi genuen gastu-ihesa geratu egin behar genuela denon artean, Udaletik eta  herriko komertzioetatik konpromisoak hartuz eta hitzetatik ekintzetara pasatuz", azaldu zuen atzo  Sozioekonomia zinegotzi Josu Lizarraldek, ekimenarekin bat egin duten komertzioetako ordezkariei azken orduko azalpenak emateko egindako bileran.

Oñatin ez bizi arren herrian lan egiten dutenen gastua suspertzea eta egoera ekonomiko zaila bizi dutela-eta tokiko saltoki txikien eskaera sostengatzea eta erraztea ere badira moneta sozialaren helburuak; eta herritarrei eta enpresei tokikoa denarekiko konpromisoa gerturatu eta ikusaraztea ere gura dute.

86 komertzio

Frutategiak, okindegiak, jantzi-dendak, ile-apaindegiak, garajeak,  ostatuak, tabernak... Denera, askotariko 86 komertzio, establezimendu eta negoziok egin dute bat ekimenarekin [ikus taula], eta euren establezimenduetan jarriko dituzten pegatinen bidez identifikatu ahal izango dira.

Txantxiaren zabalkundeari dagokionez, Josu Lizarraldek azaldu duenez, lehen hilabeteetan Udala bera izango da txantxiak banatuko dituena: "Udalaren partetik ematen diren sariak txantxitan emango dira. Jaiekin lotuta, aurreikusten dugu 15.000 euro inguru banatzea txantxitan, besteak beste, Herri Egunean".

Udalaren asmoa da, gainera, datorren urtean zerga eta tasen bonifikazioak txantxitan ematea; denera, 25.000 euro.

Txantxiak erosteko aukera

Txantxi bat euro baten baliokidea izango da, eta sei billete mota aterako dituzte: 10 eta 50 zentimoko txantxiak eta txantxi bateko, bosteko, hamarreko eta 20ko balioa izango dutenak. Herritarrek izango dute txantxiak erosteko aukera, eta urri amaieran edo azaro hasieran zabalduko dute horretarako bulegoa. Euroak txantxiengatik trukatzen dituen herritarrak %5eko hobaria izango du: 100 euro aldatzen dituenak, esaterako, 105 jasoko ditu. Eskuratzeko orduan, gutxieneko kopurua 20 euro izango da eta gehienekoa, 500.

Udala herriko enpresekin ere ari da hartu-emanetan moneta soziala dela eta: "Langileekin edo izan ditzaketen kanpainekin eta promozioekin kontzeptu hau nola txertatu aztertuko dugu. Izan ere, uste dugu herriko industriak ere paper garrantzitsua izan ahal duela Elkarri lagunduz proiektuan", dio Lizarraldek.

Iraungitze data

Txantxiek iraungitze data izango dute: urtean lau, denera. Hala, orain banatuko dituzten txantxiak abenduaren 31 baino lehen erabili beharko dira. Aukera egongo da iraungitze data eguneratzeko, baina horrek ekarriko du txantxiaren balioa murriztea; %3, hain zuzen ere. Era berean, txantxiak ezingo dira itzuli.

Urtebeteko frogaldia izango dute txantxiek, eta udal ordezkariek aurreikusten dute epe horretan 160.000 euro egongo direla txantxitan. Txantxiaren erabilerarekin, gainera, gizarte funts bat sortuko da, udalerrian proiektu solidarioak garatzeko eta tokiko merkataritza sustatzeko helburuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak