Zortzi euskal eskultoreren lanak, Arantzazun ikusgai

Txomin Madina Milikua 2014ko ira. 6a, 14:12

Gaurdanik zabalik dago Arantzazuko Gandiaga Topagunean 'Amets-kabi' izeneko erakusketa. Bertan, askotariko materialez egindako  zortzi euskal eskultoreren lanak ikus daitezke.

Zortzi eskultoreren 24 lan ikus daitezke gaurdanik Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Rikardo Ugarte, Jose Ramon Anda, Jose Zugasti, Iñaki Ruiz de Egino, Iñigo Arregi, Iñaki Olazabal, Koldobika Jauregi eta Guillermo Olmo dira Amets-kabi izeneko erakusketan euren piezak jarri dituzten artistak, denak ere 1942 eta 1960 artean jaiotakoak.

"Beste bi belaunaldi oso indartsuren artean harrapatuta geratu den belaunaldia da" azaldu zuen egubakoitzean egin zen inaugurazio ekitaldian Xabier Saenz de Gorbeak, erakusketaren zuzendari artistikoak.

Antzekotasunak eta aldeak

Bere esanetan, Aranzazu Gaur Fundazioak antolatutako erakusketa egiteko ideia eskultoreek eurena izan zen: "Euren sorkuntza ikuspegiaren ezagutza sozialean hutsune bat dagoela konturatu ziren eta indarrak batzea erabaki zuten".

Belaunaldi berekoak izateaz gain, zer dute komunean zortzi artistek? "Denbora eta espazioa interesatzen zaizkiela, kontzeptu hauei buelta ematea" dio erakusketaren zuzendari artistikoak. "Hausnarketarako kontzeptuak dituzte; baita, materia, estruktura eta prozeduren bidez, esperientziarako ere. Ez izaera konplexuko gaiak erabiliaz; baizik eta izaera sentsorialeko gai eta  erreferentziekin, ukimenaren bidez ere uzten dutenak obrara gerturatzen". Saenz de Gorbearen esanetan baina, bakoitzak bere izaera propioa du, eta, eta zaila izan zaio kontakizuna egitea.

Erakusketaren kokalekuari buruz galdetuta, Saenz de Gorbeak dio Arantzazu mugarri bat dela Euskal Herriko abangoardia estetikoei dagokionez: "Gura edo ez, denok gara Arantzazuko seme-alaba, ikastetxeetatik-eta, denok etorri gara-eta hona umetan. Nola hazi den ikusi dugu, eta denok gara natura indartsuaren testigu. Indartsua da, era berean, artistek beronen aurrean erakusten duten energia. Naturaren eta artearen lengoaiak tentsioan jartzen dira, baina harremanetan ere bai".

Urriaren 19ra arte

Erakusketa urriaren 19ra arte egongo da zabalik: ostiral eta zapatuetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta domeka eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak